Lesakako saneamenduko sarean obrak eginen dituzte

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 23a

Otsangon, Nabazen eta herrian bertan eginen diren lan hauek 1.050.000 euroko aurrekontua dute

Lesakako udalak 2005-2008 denboraldiko Toki Azpiegituretako planean sartzen diren saneamendua berritzeko 5 obren finantzatzea onartu du aho batez azaroaren 24ean egindako batzarrean. Azpiegitura egokitzeko lan hauen aitzinera eramateko 1.050.000 euro gastatuko ditu Lesakako Udalak. Hauexek dira egin beharreko lanak: Otsango auzoko hegoaldeko hegalean saneamendua berrituko da 237.000 euroren truke. Nabaz auzoan ur beltzen saneamendu sarean moldaketak eginen dira. Lehen fase horrek 320.000 euroko aurrekontua izanen du. Gaineratiko hiru obrak Onin erreka bazterrean egin beharrekoak dira. Antoiu kalean errekako eskuin bazterreko ur beltzen saneamendua berrituko da, Aceraliaren aitzinean gauza bera. Bukatzeko, beti ere fabrikaren ondoan, baina ezker bazterrean, hor ere ur beltzen sarea berrituko da. Hiru obra hauek 492.000 euroko kostea izanen dute, lehenak 141.000 eurokoa, bigarrenak 171.000 eurokoa eta azkena 180.000 eurokoa.

Bertzalde Frain auzora edateko ura banatzeko proiektuaren lanen lehen fasea lehiaketara atera da. 300.000 euroko aurrekontua du, eta eskaintzak otsailaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira Herriko Etxean. Gisa berean, alde zaharra argitzeko egin beharreko lanen 2. fasea ere lehiaketara atera berri da. 245.000 euroko aurrekontua du, eta eskaintzak otsailaren 12a baino lehen aurkeztu beharko dira beti ere Herriko Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun