Arrakoizko industrialdea lehenbailehen egitea eskatu dute bortz herrietako udalek

ttipi-ttapa 2007ko urt. 23a, 12:04
Igantzi, Arantza, Etxalar, Bera eta lesakako udal agintariek bat egin dute Arrakoizko industrialdea bultzatu behar dela eskatzerakoan. TTIPI TTAPA

Ekainaren 15ean biltzekoak ziren industria kontseilariarekin eta NASUINSAko arduradunekin

Bortzirietako udalek behar beharrezkotzat ikusten dute Nafarroako Gobernuak Etxalarko Arrakoitz inguruan industrialdea bultzatzea eta hori eskatuz prentsaurrekoa eskaini zuten ekainaren 2an Etxalarko Kultur Etxean. Pentsaurrekoan Jesus Mari Begino Igantziko alkatea, Vicente Arotzena Arantzako alkatea, Migel Mari Irigoien Etxalarko alkatea, Jon Abril Berako alkateordea eta Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkatea izan ziren. Bertan jakinarazi zutenez, Etxalarlatsa eta Berrizaun artean, 75.000 metro koadro erabilgarri izanen lituzke Arrakoizko industrialdeak eta kokapenaren egokitasuna ikusita, dagoenekoz badira bi enpresa lekua eskatu dutenak. «Arrakoitz inguruan 150.000 metro koadro ditugu eta erdia lur industriala bihurtzen ahal da, baina horretarako Nafarroako Gobernuaren eta NASUINSAren laguntza behar dugu, udalek ez baitugu baliabide ekonomiko nahikorik proiektua aitzinera ateratzeko» adierazi zuen Migel Mari Irigoien, Etxalarko alkateak.

Gai honi buruz lehendik Nafarroako Gobernuarekin izan dituzten harremanei behin betiko bultzada eman nahi diote orain Bortzirietako udal agintariek. Horretarako, Industria kontseilariarekin eta NASUINSAko arduradunekin bilera hitzartua zuten ekainaren 15erako.

Nafarroako Gobernuko agintariarekin egin beharreko bilera horretan eskari garbia jarri zuten mahai gainean Bortzirietako alkateek: Nafarroako Gobernuak lehen Alkaiagako industrialdearekin egin zuen modura, orain Arrakoizko industrialdea bultzatu eta aurrera ateratzea. Izan ere, Jon Abril Berako alkateordeak, aipatu zuenez, Nafarroako Gobernuak ezin du mendialdean eta Erriberan neurri berdinak eskatu industrialdeak ezartzeko. Industria Departamentuak 200.000 edo 300.000 metro koadroko eremuak eskatzen ditu eta hori Bortzirietan topatzea ezinezkoa da. Ildo horretatik, Jesus Mari Begino Igantziko alkateak «Erriberan industrialdeak ezartzeko azpiegiturak ikusten dira, baina gero hutsak daude. Hemen lantegiak jarriko direla segurtatzen ahal dugu» erran zuen. Bortzirietako alkateek bere babesa eman zioten Arrakoizko proiektuari. Beraien ustez, eskualdeko lantegi handiek erakusten duten zalantzazko etorkizunak premiazkoa bihurtzen du industria berrientzako azpiegiturak jartzea. Bide horretan Arrakoizko industrialdea da Bortzirietan aukerarik egokienak eskaintzen dituena. Honela, Vicente Arotzena, Arantzako alkateak aipatu zuenez, «industrialdea ezartzea beharra da eta ez lujoa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun