Irantzu Pastorren kartelak iragarriko ditu Sanferminak

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 23a

Irantzu Pastorek kartel lehiaketa irabazi du hirugarren urtez. TTIPI TTAPA

Udaleko kultur batzordeak Sanfermin bestetarako programaren azala eta kartela diseinatzeko lehiaketara aurkeztu diren lanak aztertu ondotik, lan sarituak erabaki ditu.

Honela, kartel lehiaketara aurkeztutako 23 proposamenak aztertu ondotik, 500 euroko lehen saria Iranzu Pastor Ordokiren "Zubia" lanari ematea erabaki zuen. Irantzu Pastorrek azken bi urteetako lehiaketak ere irabaziak zituen.

Azal lehiaketarako aurkeztutako 36 lanak aztertu ondotik, berriz, Kemen Pumar Taintaren “Galdu” lanak irabazi du 500 euroko lehen saria.

Aurten, lehen aldiz, deialdi berezia egin da Sanferminetako programaren gibeleko azala aukeratzeko. Deialdi hori Lesakako haurrei zuzendu zaie eta horren ondorioz, 61 lan aurkeztu dira. Hasiera batean, sari bakarra ematea aurreikusia baldin bazen ere, lanen maila ikusita, sarituaz gain bertze 6 aipamen egitea erabaki du Kultur Batzordeak. Lehendabiziko saria, Paola Oskoz Maziziorek eskuratu du, “Domiko” lanarekin. Aipamen bereziak Amaia Telletxea Mendigutxiak, “Aupa Sanferminak” lanarekin, Oihan Olaizola Otxotekok “Gorriko” lanarekin, Maddi Taberna Etxeberriak “Peñak” lanarekin, Patrizia Etxegarai Altunak “San Ferminak Mundialak” lanarekin, Garazi Konde Orubek eta Asier Sanchez Etxegiak eskuratu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun