Udal Liburutegia azaroaz geroztik itxia dago, bertan egin beharreko hobekuntza eta berriztatze lanak tarteko. Udalak eraikinean egin beharreko lanak bere gain hartzeko konpromezua hartu zuen eta Nafarroako Gobernuak altzari berriak jarriko zituen. Azaroaren 8an hasi ziren hustutze lanak eta aste batzuren buruan berrikuntza lanak egin ziren. Nafarroako Gobernuak hasiera batean liburutegirako altzari berriak ekarriko zituela agindu arren, Agoizko liburutegian aitzinetik erabilitako altzariak bidaliko zituela jakinarazi zion Udalari. Halere, altzari horiek ez dira nahikoak, lehen 70 eserleku baldin baziren, orain 16 daude bakarrik, 15.000 aleko fondoetatik 6.000 inguru apalik gabe daude, haurrentzako txokoan ez dago eserlekurik, fondo bereziak gordetzeko bitrina berezirik ez dago… Egoera honen aitzinean Nafarroako Gobernuko Liburutegi Sarearekin eta Kultura Kontseilariarekin harremanetan jarri izan da Udala baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Kultur Batzordeak egoera bidegabe hau salatu nahi izan du eta Nafarroako Gobernuak neurriak har ditzan hainbat ekimen bideratuko dituela jakinarazi du.