Lesakako idazkari lanpostuaren inguruan EHEk bi hitz erran nahi ditu

Utzitako argazkiak 2007ko urt. 23a, 11:33

Lotsagarria da Lesakako EAJ/EA alderdiek idazkari lanposturako euskara maila jeitsi izana,auskalo zein interesengatik! Ez dira bada, teoria mailan bada ere,alderdi abertzale eta euskaltzaleak? Nolatan orduan,horrelako erabakia hartu izana? Lojikoa da? Kontsekuentea da? Argi dagoena da,euskaldun guztiok euskaraz mintzatzeko, idazteko, atenditzeko, euskaraz bizitzeko eskubidea dugula eta horregatik EAJ/EAren jarrera salatu nahi dugu; Lesakako euskaldunon hizkuntza eskubideen kontrako erabakia hartu dutelako.

Lesakako udalak gure hizkuntz eskubideak bermatu beharko lituzke. Alabaina bermatu beharrean, hizkuntz eskubideen urraketa jasan behar dugu! Harrigarria! Eta EAJ/EAk zuzendutako urraketa izan da gainera! Ikaragarria!

EAJ/EAk erran lezake euskara maila eskatu eskatzen dela baina bistakoa da idazkariari idazmenean 3.maila eskatuz, honen eginkizunak (aktak,txotenak,idazkiak...) ezin izanen dituela euskaraz bete, 3.maila ez baita egokia horrelako lanposturako.

Bertzalde,euskararen normalizazio prozesuan horrelako erabaki zikina atzerapausu izugarria da.Eta gainera oraindik zikinagoa euskararen normalizazio prozesu horretan lanean dihardutenen eskutik egina dagoenean.(EAJ/EA hortan ari zirela suposatzen genuen-eta!) Honengatik guztiagatik EAJ/EAren jarrera salatu nahi dugu irmoki;gure udal sasi-euskaldunak bere faltsukeria erakutsi baitigu. Lesakako idazkariak berak ere bere burua "defendatu" edo hobe erran zuritu du eskualdeko telebistaren bidez. Honek justifikatzen du justifika ezina dena. Zeren errealitatea bat baita: Lesakarrok euskaraz bizi nahi dugu eta aldiz euskaldun bezala ditugun eskubideak urratzen dizkigute. Eskubide osoa dugu gure herrikoetxean euskaraz solasteko euskaraz tratatzeko eta idazkiak eta... euskaraz jasotzeko. Eta azkenik Lesakar guzioi erran garaia dela euskaldun kontzientzia izateko, konplexuak gaindituz eta behingotik gurea dena defendatuz,erabiliz eta eskatuz.Bada garaia gure hizkuntz eskubideak aldarrikatzeko; euskaraz aritzea ez baita pribilegioa, eskubidea baizik. Eta garaia da horrelako bidegabekeriak salatzeko. Gure esku dago!

Lesakako Euskal Herrian Euskaraz Taldea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun