Bestek, Arantza Rock jaialdiak eta bertzelako berriek hornitu dute uda

Nerea ALTZURI 2007ko urtarrilaren 22a

Herriko bestak, abuztuaren 13tik 17ra iragan ziren. Orokorrean egitaraua aitzinera eraman zen, zehazturiko ekitaldiak eginez. Hala ere, igande goizean egitekoa zen herri kirol erakustaldia bertan behera geratu zen, perkantze bat tarteko. Gainerakoan, egitarauan zehaztu ez ziren bertze ekimen batzuk ere bestetan izan zirenez, horien aipamena eginen dugu.

Larunbatean hasi ziren bestak eta altxaferuaren ondotik, herriko dantzari gaztetxo eta txistulari taldeak emanaldia eskaini zuen plazan. Amabirjin egunean berriz, herriko berezko dantzak eskaini ziren mezaren eta omenaldi ekitaldiaren ondotik. Iaz bezala, aurten ere, bestatako azken egunean herri bazkaria izan zen elkartean Ekaitzak antolatua. Giro ederrean bukatu zituzten bestak.

Zorionak Arantza Rock!

Iaz bezala, aurten ere, bestak bukatu eta hurrengo larunbatean Arantza Rock Jaialdia burutu zen. Abuztuaren 20an izan zen eta aurten, hamargarren urtea bete du jaialdiak. Gazte Asanbladak balorazio positiboa egin du, nahiz eta eguraldiak batere ez lagundu, 800 lagun inguru izan ziren kontzertuan. Egun osoko egitaraua prestatu zen ordea. Hamar edizioetako kartel eta kamiseten erakusketa ikusgai jarri zen. Ilunabarrean, Baztango kirikoketa eta batukada saioak eskaini ziren. Arratsean, Kasu, Eko lau, Kanka eta EH Sukarra taldeen emanaldia izan zen eta antolatzaileen hitzetan, Kankaren emanaldian ikus-entzuleen gorakada nabarmena izan zen. Lanean aritutako lagun taldeak urriaren 8an afaria eginen du elkartean. Zorionak beraz denei!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun