Ohi bezala San Anton ondoko igandean, ehundaka gipuzkoar eta nafar bildu ziren Lesakako Endara auzoko erromerian. Argitzean bota zituen euri tantak anitzen animoak itzali zituen, eta aitzineko urtean baino jende guttiago hurbildu zen San Anton ermitara. Hala ere, atertu zuela eta, jendetza polita bildu zen mendi ateraldiaren edo meza entzutekoaren aitzakiatan. Batzuk oinez, Alkaiagatik, Lesakatik edo Erlaitzetik, bertze batzuk autoz, denak bat egin zuten goiz goxoa pasatzeko. Fededunentzat mezak eman ziren 10 :00etan, 11 :00tan eta 12 :00etan, bertzeentzat berrriz, gosaltzeko paradak ez ziren falta, ogitartekoak, taloak eta bistan dena sagardo botilak. Indarrak eskuratu zituztela, nahi zutenek dantzatzeko parada izan zuten Jose Angelen musikarekin. Ohitura segituz batek baino gehiago erroskiloak erosi eta etxean gelditu zirenei eraman zituen. Taldeka bilduta, erosketak egiten zituztela edo tragoa hartzen zutela, fededunek ala mendian oinez ibltzeko parada aprobetxatu zutenek, bat egin zuten neguko paisaiaz gozatzeko, elkarren artean solasteko eta azken berriak komentatzeko. Eguerdiak zirela, bakoitzak bere etxe aldera segitu zuen etorri ziren bezala, mendiz mendi oinez edo bestela autoz. Adineko jende gehienengan ez ezik erromeriak zuen kutsu erlisiozoa galdu badu ere, ohiturak segitzen du eta pentsa daiteke heldu den urteetan ere jendetza politak bilduko dela egun horren kari.