Auto-enplegua lantzeko ikastaroa Alkaiagan

ttipi-ttapa 2007ko urt. 18a, 11:55

Negozio bat irekitzeko oinarriak aztergai izanen dira 3 modulutan

Cederna-Garalur elkarteak auto-enplegua sustatzeko ikastaroak antolatu ditu otsailerako Nafarroako Gobernua eta Europako Gizarte Fondoaren laguntzarekin. Alkaiagan duen egoitzan, 3 modulutan banatuta, negozio bat abian paratzeko motibazioa, gaitasun tekniko eta pertsonalak, eta nork bere lana sortzeko abilitatea landuko dira. Ikastaroa emakumeei, gazte tituludunei eta gizarteratze arazoak dituztenei zuzendua da batez ere, baina interesatua den edonork parte har dezake. Hala eta guztiz ere, izena ematen duenek negozio ideia bat izan beharko dute edo bestenaz sormenaren edo auto-enpleguaren inguruko jakin-mina.

Aipatu bezala ikastaroa 3 zatitan banatuko da. Lehenean, otsailaren 6,7 eta 8an eginen dena goizeko 9:30etik eguerdiko 13:00ak arte, negozio ideia identifikatzeari buruz arituko dira. Horrek erran nahi du sormena eta ideia on baten asmatzea landuko dutela, 10 orduko iraupeneko moduluan. Bigarren zatian, ondoko astean, egun guziz, 9:30etik 13:30era eginen denan, ekiteko autonomia eta auto-estimua aipatuko dituzte, denbora nola kudeatu, Nafarroako enpresa ehuna eta informatika. Bigarren modulu hau 20 ordu iraunen du, bortz aldiz 4 ordu hain zuzen ere. Azken zatia 4 egun besterik ez du iraunen, otsailaren 20tik 23ra, 4 ordu goiz guziz, 9:30etik 13:30era. Azken honetan sustatzeko gaitasunak landuko dira, enpresa bat garatzen hasteko funtsezko 10 elementuak.

Ikastaroa dohainik izanen da, eta izena eman nahi dutenek 948 625 122 edo 619 829 289 telefono zenbakietara deitu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun