Kakariña taldea txapeldun

Nerea ALTZURI 2007ko urtarrilaren 17a

Kakariña eta Samiroiak taldeko kideak, finala jokatu ondotik. Utzitako argazkiak

Joan den urtezahar egun bezperan, abenduaren 30ean Tximista futbito txapelketa egin zen Ekaitza elkartearen ekimenez. Dozenaka jokalari eta ikusle hurbildu zen frontoira kirol ikuskizunarekin gozatzera. Guzira zazpi talde aritu ziren partidetan jokatzen eta nor baino nor: Samiroiak, Toiota, Kanal Plus, Keler, Son Goku, Kakariña eta Zerbatte.16 urtetik goitiko jokalari taldeak arratsaldeko lehen orduan hitzordua jarria zuen. Arratsaldeko biak aldera hasi ziren partiduak eta lau talde alde batetik eta hiru bertzetik, bi multzoak elkarren artean jokatu zuten. Ligilaren ondotik, finalaurreko partidak, Samiroiak eta Kanal Plus batetik eta Kakariña eta Son Gokuren artekoak izan ziren. Azkenean, final nagusian Samiroiak eta Kakariñaren arteko norgehiagokan azken hau garaile suertatu zen, 5-4ko emaitzarekin. 19:30ak aldera bukatu zen futbito saioa eta ondoren hirurogeitamabortz lagunen elkartean afaria izan zuten. Giro paregabeak jarraitu zuen afalondoan ere eta Goizuetako Deus taldeak musika emanaldia eskeini zuen. Urtearen azken aurreko edo bigarren eguna ederki probextu zuten beraz! Kirola eta besta uztartzea posible delako!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun