Idazki honen bidez gure bi etxebizitzen artean eraiki nahi den obrari buruzko desadostasuna adierazi nahi dugu, bertan pisuz osaturiko bloke handi bat egin nahi baita.
Proiektu honekin herriko zonalde honen sarbideak hobetzeko eta futbol-zelaira hobeki ailegatzeko aukera ederra galdu dela uste dugu. Oraingo sarbidea hagitz estua denez, egun bertako errepidetxotik bi kotxe ezin dira ia elkarrekin gurutzatu, eta zailagoa egiten da oinezkoak paseoan badabiltza. Izan ere, bertatik guraso aunitz haur-kotxeekin, ezintasun handiak dituzten pertsona helduak eta Matzada aldera irakasleen laguntzarekin joaten diren haurrak ibiltzen dira.
Honela, oraingoz obra- proiektuan ez da errepidea handitzeko aurreikuspenik egin, ezta oinezkoentzat espaloiren bat eraikitzeko aurreproiekturik ere.
Eta guzti honi gure etxebizitzetako ondoko paretak botatzeko duten asmoa gehitzen badiogu, gure haserrea gero eta nabariagoa dela aisa ulertzen ahal da, batik bat kontuan hartzen badugu harresiak gure eremuaren barnekoak direla eta jakinda enpresa-bultzatzailea auzokideengana azalpenak ematera sekulan ez dela etorri.
Denok jakin badakigu etxebizitzen bultzatzaileek edo promotoreek azken milimetroraino eraiki nahi izaten dutela. Baina ulertzerik ez dagoena zera da: nola liteke gure bi etxebizitzak eraikigarria zen lur-eremuaren %50ean soilik eraikitzea eta oraingoan Udalak onarturiko obra-proiektuan lurraren ia %100a erabili izatea?
Bestetik, eraiki nahi den blokearen altuera Hamalau-enea izeneko eraikinarena baino zazpi metro altuago izanen dela adierazi nahi dugu, eta Euskaldunarena baino 10 metro altuago. Gure ustez, beraz, proiektu hau estetikoki eta paisajistikoki astakeria handia izanen litzateke.
Aipatu ere aipatu nahi dugu hirigintza-proiektu desegoki hau egiteko hiru metroko altuera izanen duen eusteko pareta eraiki beharko dutela eta Euskalduna izeneko etxebizitzetako sarrerak hiru metro baino gutxiagora geldituko dira.
Honengatik guztiagatik, uste dugu Udalari dagokiola arduraz jokatzea, obra-proiektuari aldaketak zein emendakinak egitea eta azkenik, eraikin egokia egin dezatela proposatzea. Eta Udalaren zeregina, beraiek erraten duten bezala, "hiri" egitea bada, hemen badaukate aukera ezin hobea herriari erakusteko.
Azkenik, gure auzokide berriei erran nahi diegu gure eskakizunek ez dutela beraien ilusioa zapuztu nahi. Aitzitik, Udalak inguruari dagokion proiektu aproposa egiten badu, beraiek izanen dira lehenbizikoak hobekuntzak sumatuko dituztenak.
Ondorioz, Udalak, gure propietatea errespetatuz, obra-proiektua berrikusi eta dagokion proiektu eraikigarriago berri bat eginen duelakoan, orain arte guregana hurbildu eta beren animoak luzatu eta elkartasuna adierazi diguten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.
Hamalau-enea eta Euskalduna etxebizitzetako auzotarrek sinatua. BERA