Samina airean!

Utzitako argazkiak 2007ko urt. 17a, 12:18

Samina, samina da Bortzirietan barna dabilen airea. Samina norberaren barnean, eta bertzeen begietara begiratuz somatzen dena. Samina eta hitzik ezin errana dugu geure barnean. Zergatik, galdetzen diogu behin eta berriro geure buruari eta baita aldamenekoari ere, ea hau erantzuteko gai izanen ote den. Baina ez, honek ere ez izaki erantzunik. Zergatia da galde-modua, zergatik hainbertze gazte, errepidea dela, minbizia dela, kartzela dela eta orain mendia. Zergatik bizitzeko gogo duenaren bizitza errotik moztu? Zergatik bizitzeko gogoa eransten duenaren bizitza errotik moztu? Zergatik irri zabal eta xamurra duenari bizitza errotik moztu?

Ez, ez dut erantzunik eta ez dut uste inork duenik, badakigu, ordea, gazteak direla poztasuna, bizitzeko grina, askatasun gogoa eta aitzinera egiteko indarra eta nahia atxikitzen dizkigutenak.

Aitzinera egitea bertzerik ez dugu, eta denon artean eginen dugu, ikustea bertzerik ez baita zeinen bat eginda dauden herri hauetako sentimentuak eta gogoak. Merezi du eta horregatik egin behar dugu aitzinera, nahiz eta iruditu tunelean sartuta gaudela.Izan ere, bidasoako tren xaharreko bidean tuneletan sartuz gero, berehala iluntasuna bertzerik ez da, baina, aitzinera joz gero, hantxe dakusagu argi printza bat, huraxe segika egiten dugu bidea. Halaxe da bada guk orain dugun erronka, iluntasunari aurre egin eta argi printza agertu arte segi.

Zaila da momentu hauetan, baina nahi nuke lerro xume hauen bidez bertzerik ez bada ere, animuak eman, nire berotasuna eskaini eta ahal den neurrian neuk ere tuneletik ateratzeko bulkada eman.

Herrietako mendi itzulietan
izanen zarete gure oroimenean
Tailon aldera joatean
izanen zarete gure oroimenean
Anayet aldera joatean
izanen zarete gure oroimenean
Pablo Eneako atarian pasatzean
izanen zara gure oroimenean
Kiroldegiaren parean ere
izanen zara gure oroimenean
Beti Gazteko txartela begiratzean
izanen zarete gure aldamenean
Bizirik iraunen baituzue
gure oroimenean.

Mentxu Peña Lizarazu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun