Aragoiko Canfranc herrian dagoen Anayet mendia (2.545 metro) igotzen saiatzen ari zela hil zen Unai Etxepare Elizegi, 29 urteko gazte ezaguna ilbeltzaren 5ean. Unai egun horretan desagertu eta Lesakatik eta inguruko herrietatik hainbat lagun hurbildu ziren Hueska aldera, mendizalea bizirik topatu asmoz. Komunikabide gehienetan Unaien gorpua Guardia Zibilak aurkitu zuela zabaldu bada ere, bere bi lagun mendizalek topatu zuten ilbeltzaren 6ko goizaldean. Itxura batean, hormarekin irristu eta amildu zen Unai.
Unai Etxepare aski ezaguna zen herrian. Gizarte eta kultur arloko hainbat taldetan lan egiten zuen. Kirolzale amorratua izanik, Beti Gazteko futbolari dotorea izan zen hainbat urtez eta futbola utzita, laisterka eta mendian ibiltzea zituen zaletasun handienak.