Hainbertze gauza adierazi nahi eta nola hasi...

Utzitako argazkiak 2007ko urt. 17a, 11:33

Lehendabiziko eskerrak Azpeitiko Aitorri, Unairen esperoan lehendabizi, erreskate zerbitzuen zain ondoren eta etxekoak ailegatu arte eman zidan laguntza atseginagatik.

Eguna argitzeko dexente falta zela Beratik iritsi zen laukotearen azkartasuna eta profesionaltasuna, txapela kentzeko modukoa.

Eguna argitzear zela Anayetera abiatzeko dagoen aparkaleku hartara kotxe eta furgoneta ilara amaigabea hasi zen iristen, Unairen bila abiatzeko prest. Agian ez zaituztegu banaka-banaka gogoratuko, baina hango jendetzaren irudia oroimenean ongi gordea edukiko dugu beti. Berri txarra azkarregi ailegatu zen, ordea.

Hortik aitzinerako une gogorretan izandako maitasun eta elkartasun adierazpenak amaigabeak ari dira izaten: ospitale atariko egonaldi luzeko lagunak, azken agurrera hurbildutako jendetza, besarkada, animo, mezu, muxu, lore, bertso, eskutitz, doinu eta joare soinu…

Azkenik, ez dugu erran gabe utzi nahi Unai ez zuela Guardia Zibilak aurkitu. Oraingoan ere bertsio ofiziala ez dator bat gertatutakoarekin. Bilaketa lanak uztearen arrazoiak sinesgarriak ez izateaz gain (ilargi beteko gau izartsua baitzen) beraiek aurkitu zutela zabaldu zen komunikabide gehienetan.

Bilaketa lanak utzi zituztela abisua eman eta gutxira gauerdian mendira atera ziren lagunak. Gau guztia mendian eman ondoren, aurkitu zuten, argitzeko aunitz falta ez zelarik. Unai ezin izanen dugu hain errex ahantzi, ez eta zuek egindakoa ere. Mila esker Igor eta Xabier.

Mila esker denei.

Estitxu.
Xuaxko eta Harizpeko familiaren izenean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun