Ortzegun Gizen egunean hasi eta heldu den astelehenerarte mozorro eta musika saltsa izanen da nagusi Berako karrika eta auzoetan. Otsailaren 7an haurrek emanen diote hasiera iñauteri denborari, eta etxez-etxeko eskean ariko dira goizean (eguerdiko 12ak arte, ohitura den bezala). Ondotik, arratsaldeko 3,30etan eskoletako ikasleak iñude eta artzaiez jauntzi eta herrian barna itzulia eginen dute. Aurten Zilipurdi taldearen eskutik dantzaldia izanen dute itzulia akautu eta gero.
Hungariako zingaroak aurten iñauterietarako juxtu-juxtuan ailegatuko zaizkigu kazulak eta zartagiak astinduz. Larunbatean arratsaldeko 7etan abiatuko dira Ilekuetatik. Entsaioak berriz, otsailaren 6an eta 8an izanen dira, Iamotenean, arratsaldeko 7etan. Biharamunean, berriz, Iñude eta Artzai haundiek beteko dituzte herriko karrikak, eta arratsaldeko 6etan Antzeko Parezido taldeak, Berako gazteen antzerki taldeak, karrika animazioa jarriko du Altzate inguruan.
Astelehenean, akautzeko, nagusien eskea izanen da goiz-goizetik, eta ilunabarrerako pentsatzen ahal da nahiko saltsa izanen dela karrika eta ostatuetan.