Xabi Zubieta, Luis Mari Pikabea eta Xabi Saralegi hil dira mendi istripu batean

ttipi-ttapa 2007ko urt. 15a, 13:05

Elizkizunak gaur eginen dira Beran arratsaldeko 16:00etan eta lesakan 18:00etan

Xabi Zubieta, Luis Mari Pikabea eta Xabi Saralegi mendizaleak joan den larunbatean hil ziren Taillon mendia eskalatzen ari zirenean. 3.144mko gailurra igotzen ari zirelarik itxura batean batek irristatu zuen eta sokada osoa behera joan zen. Hiru gorputzek larunbateko gaua Tarbeseko gorputegian igaro zuten eta herrira ekartzeko tramiteak egin ondotik Berako kiroldegian antolatutako hil kapelara ekarri zituzten. Ailegatzean, igande eguerdian jendetza andana bat itxoiten zituen, tartean familiarrak, lagunak, mendizaleak, eta herritar arruntak bertzeak bertze. Hil kutxak kiroldegian sartu eta gero, aurreskua dantzatu zitzaien eta arratsalde partean berriz omenaldiak egin ziren. Lehenean Xabi eta Luis Marirekin Himalayan sukaldari ibilitako Nimak erritu Tibetar-Budista bete zuen kandela bat piztuz eta hildakoei edaria eta janaria eskainiz. Arratsaldeko bigarren omenaldiarako hunkitutako herriek bat egin zuten, abesbatzek « Hegoak » kantua eskaini zuten, bertsolariek bertso pare bat eta bukatzeko lagun edo senide batzuk hitza hartu zuten hiru hildakoen izena goraipatzeko eta gelditzen direnei babesa edo animoak emateko.

Hiruen gorpuak astelehenean errautsiak izan dira eta elizkizunak egun berean ospatu dira, Xabi Zubieta eta Luis Mari Pikabearen kasuan Beran eta Xabi Saralegiren kasuan Lesakan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun