Bera eta Lesakako Udalek Kanoa zentroa irekitzeko hitzarmena sinatu dute

Amaia eta Ainhoa 2007ko urt. 12a, 10:07

Berako Udalak egindako azken udal batzarrean, Lesakako Udalarekin batera kanoa zentro bat irekitzeko hitzarmena sinatzea onartu du. Manuel iriarte zinegotziak eman du honen aurkako botu bakarra, bera ustetan zentro hori Beran egiteko eman beharreko pausuak ez direlako eman. Batzarrean, beraz, bi herrien artean adostutako hitzarmena onartzea eta formaltzea erabaki da. Gainera, Berako Udalak obra 2007ko azarorako Kanoa zentroa bukatzeko konpromezua adierazi du.

Larun Haitzpe Elkarteak ikastaro ezberdinak antolatu ditu

Berako Larun Haitzpe Elkarteak ekitaldi ezberdinak antolatu ditu dagoeneko eta oraindik ere ildo horretik jarraitzen dute. Urtarrilaren 15ean, adibidez, Nafarroako Merkataritza Elkartearekin batera antolatutako informatika ikastaroa hasi da. Aste honetan, astelehenetik ortziralera arratsaldeko 15:00etik 17:00era ematen ari dira. Ikastaro honetan Word, Internet, Excel eta posta elektronikoaren oinarrizko ezagutzak lantzen ari dira. Bertze ikastaro bat ere laster jarriko da martxan, eskaparatismoaren ingurukoa. Informazio gehiago bilatzeko edo izena emateko Nafarroako Merkataritza Elkartera deitu behar da (948-239908 edo 607-303400). Gogoratu ikastaro hauetan parte hartzeko ez dela nahitaezkoa elkarteko kide izatea.

Zerbitzu publikoko garapena eta berrikuntzaren garapenerako dirulaguntzak

Nafarroako Gobernuak, Toki Administrazio sailaren bitartez, herri ezberdinetako entitateei 503.235 euroko dirulaguntza eman die. Dirulaguntza hauek, 2007an zerbitzu publikoen sustapenarerako eta kalitatea eta berrikuntzaren garapenerako eman dituzte. Herrien antolakuntza eta kalitatea hobetzeko proiektuak dira. Zehazki, dirulaguntza hauek kalitatea eta antolakuntzari eta informazio eta komunikazioaren teknologiari zuzenduta daude. Bi alorretan eskualdeko herriko ezberdinek jasoko dituzte laguntzak. Berako kasuan, teknologia eta informazio arloan lau proiektuentzako dirulaguntzak jasoko dira: kudeaketa softwarea R.C.T. delakora egokitzeko, 3000 euro; errezibo ordainketak web bidez erreferentziaz egiteko 928 euro; R.C.T. delakoarekin datuak sinkronizatzeko 3000 euro; eta Kultur Etxea eta 012 infolocalen ihardueren arteko konexioarako 5000 euro.

N-121-A errepidean paratutako bide-seinaleak ez dira egokiak EAren ustez.
Eusko Alkatasunak, egindako prentsa ohar baten bitartez, duela gutti Bera eta Endarlatsaren artean, N-121-A errepidean, Lapurdiko eta Frantziako norabideak eta distantziak zehazteko jarri dituzten bide-seinaleak, arrazoi ezberdinengatik desegokiak direla jakinarazi du. Alde batetik, alderdiaren ustez, arriskutsuak diren tokietan kokatu dituzte bide-seinaleak. Bertzetik, EAren irakurketaren arabera, Nafarroako Gobernuak Frantziara doan trafikoa A-15 autobidera desbideratzeko egin duen apustuaren aurka doaz, hain zuzen ere Ezkabako tunelean diren bide seinaleen aurka. Honetaz gain, hizkuntzari dagokionez, gaztelera hutsean jarri dituzte bide-seinaleak eta Euskararen Legeak dionez, euskaldun eremuan bi hizkuntzetan egon behar lukete. Egoera horren aitzinean EAk bide-seinale horiek kentzea eskatu du trafikoa A15 autobidera desbideratzearen politikaren aurka doalako. Bestela, bide-seinaleak uztekotan, bederen bi hizkuntzetan jarriz legea betetzea eskatzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun