Prentsa ohar baten bitartez EAk jakinarazi du, duela gutti Bera eta Endarlatsaren artean, N-121-A errepidean Lapurdiko eta Frantziako norabideak eta distantziak zehazteko eman dituzten bide-seinaleak ez direla egokiak arrazoi anitzengatik. Alderdiaren ustez, arriskutsuak diren tokietan kokatu dituzte. Bertzetik, EAren irakurketaren arabera, Nafarroako Gobernuak Frantziara doan trafikoa A-15 autobidera desbideratzeko egin duen apustuaren aurka doaz, hain zuzen ere Ezkabako tunelean diren bide seinaleen aurka. Hizkuntzari dagokionez, Eusko Alkartasunak azpimarratu nahi izan du gaztelera hutsean zirela, ez eta bi hizkuntzetan, Euskararen Legeak behartzen duen bezala euskaldun eremuan.
Egoera horren aitzinean EAk bide-seinale horien kentzea eskatu du trafikoa A15 autobidera desbideratzearen politikaren aurka doalako, eta uzten badira, bederen bi hizkuntzetan jartzea legea betetzeko.
Beti ere N-121-A errepideko kontuei erreparatuz, alderdiak pozten da errepide onek eragindako hildakoen kopurua behera egin duela, baina, segurtasun gehiago lortzeko neurriak proposatzen segituko duela jakinarazi du. Hori dela eta, Etxalarko bidegurutzean neurri batzuen hartzea eskatu du. Duela hilabete batzuk eskaera berdina egin zuen, baina Nafarroako gobernuak atzera bota zuen arrazoi tekniko batzuengatik. EAren ustez zerbait egin behar da lehen bai lehen Etxalarrera joateko karrilean bertze ibilgailuak ez sartzeko.