Euskal Jai Fundazioak heldu den urtean Beran erremonte eskola sortzeko asmoa agertu du. Erremonte eskola 13 eta 18 urte arteko gaztetxoei zuzendua egonen litzateke eta urte osoan astean behin eginen litzateke Eztegara pilotalekuan, astelehen edo asteazkenetan. Julen San Miguel Doneztebeko erremontelari profesional gaztea izanen zen arduraduna.
Jakina denez, gaur egun ez da erremontelari profesionalik ez Beran ezta Bortzirietan ere, baina duela hamarkada batzuk Inaxio Ugartemendia beratarra aritu zen handienen artean. Berrikiago, Joseba Iturralde eta Guillermo Perugorria ere aritu dira profesionaletan.
Maila hauetara ailegatu gabe ere, kirol modalitate berri bat ezagutu eta trebatzeko modua izanen dute gaztetxoek erremonte eskolan.