Errotondarik ez da eginen N-121-A errepidearen Berako sarreran

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 3a

N-121-A errepidea konpontzeko falta zen Bera eta Endarlatsaren arteko zatiaren proiektua onartu berri du Nafarroako Gobernuko Herri Lan sailak. Proiektuan N-121-A errepidea eta Zalaingo industria-gunea lotzeko Berako Udalak proposatutako aldaketa onartu du Foru Erkidegoko sailak.

Errepidearen bi aldetan hedatuko den 50.000m koadratuko bertze industria-gune baten egitea aurreikusten du udalak. Hori dela eta, hasieran eskainitako proposamena ez zitzaion egokia iduritzen. Lehengo proiektuan, errotonda, abiadura ttikitzeko karrila eta azpiko aldetik pasatzeko zubia aurreikusi ziren. Irtenbide horrekin ez zelako ados udalak alegazioa jarri zuen eta Hirigintza Aholkularitzaren Zerbitzuari bertze proposamen bat idaztea galdetu zion. Hauek errotonda kendu eta azpitik pasatzeko bertze zubi bat gehitu zuten Gipuzkoako irteera eta sarrera errazteko. Azkenean, Nafarroako Gobernuko Herri Lan sailak Hirigintza Aholkularitzako Zerbitzuak idatzitako proiektua onartu du. Horiek horrela lanen adjudikazioa urte honetako lehen hiru hilabeteetan egin beharko litzateke, eta epeak errespetatzen badira, zatia 2009ko maiatzeko egina egon beharko luke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun