Urtero egiten duen bezala Agerra Mendi Taldeak Bera eta Goizuetaren arteko mendi irteera antolatu du. Aurten urtarrilaren 14ean izanen da igandearekin. Oinez ibiltzeko gogoen arabera hiru aukera proposatuko dituzte. Ibilbide guzia egin nahi dutenak goizeko 7:00etan aterako dira elkartearen egoitzatik. Agiñatik abiatu nahi dutenentzat goizeko 8:15ean autobus bat zain egonen da beti ere elkartearen egoitzan, abiapuntura eramateko, erran nahi du Agiñara. Azkenean oinez ibili nahi ez dutenentzat edo ezin dutenentzat goizeko 11:00tan autobus bat aterako da Agerratik zuzenean Goizuetara joateko.
Urtero egiten duten ibilbidea ez du zailtasun apartarik eta antolatzaileek Ttipi Ttapari erran diotenez edonork egin dezake, beti ere kontuan hartuz 6 ordu inguruko iraupena duela. Aipatu bezala goizeko 7:00etan aterako dira Agerra auzotik Alkaiaga eta Baldrun aldera jotzeko. Handik pasatu eta, ibilbide osoa egiten ez dutenekin elkartuko dira Agiñan. Elutsara ailegatzean gosaltzeko ordua izanen dute, eta hala eginen dute bertan dagoen txabola batean. Indarrak berritu eta, azken tontorrera ekinen diote Goizuetara jaitsi baino lehen. Ohi denez Herriko Umore Ona elkartean bazkalduko dute. Eguna bukatzeko 17:00ak aldean Berara itzuliko dira autobusean.
Mendi irteeran eta otorduan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute urtarrilaren 11 baino lehen elkartean bertan edo bestela 948 630 362 telefonora deituz.