Gibelean utzi dugu Urte xaharra. Urte Berriko lehenengo egun hauetan, Eguberrietako ohiko ekitaldiak gogora ekarriko ditugu. Abenduaren 24ean eta 25ean betiko ekimenak egin ziren herrian. Eguraldi hotza zinez. Tira, neguan gaudenez gero… Halere, aroa ez zen oztopo izan joan den Eguberri bezperan. Herritar aunitz bildu zen Olentzerori harrera egitera. Gaztetxo, gazte eta heldu, ia gehienak baserritarrez jantziak, Eguberrietako kantuak kantatu zituzten karriketan barna. Gregorio Mitxelena akordeolaria soinua jotzeaz arduratu zen. Geldialdi batzuk eginez (Larreta, Aterpea, Osiñaldeko ataria, Martixeneko ataria, Goiko Karrika, Urdinbaitako ataria, Pisuta, herriko plaza) ordu eta erdiko ibilaldia egin zuen kantari taldeak. Guzira hiru olentzero erakutsi dira aurten: herriko eskolakoa, Gazte Asanbladakoa eta Ekaitza elkartekoa. Olentzeroak bizkarrean hartuta eta zintzurrak astinduz, giro ederrean igaro zen arratsaldea. Ilundu orduko, berendua Zahar Txokon prestatua zuen Guraso Elkarteak. Mokadu bat tragoxka batekin ez zen gaizki etorri, ez!