Urteroko ohiturari eutsiz, ortziraleko Errege Kabalgatarekin akautuko dira Eguberrietako ospakizunak. Eguberri bezperako Olentzero eta jaiotza lehiaketak jendetsuak izan ziren, bai partehartzaile aunitz izan zituztelako, baita, igandea izanik, hainbat eta hainbat ikusle izan zituztelako. Lehiaketetan parte hartu zuten Olentzeroekin batera, goizez ikastolakoa eta arratsaldez, presoen aldekoa karrikaz karrika ibili ziren. Urte Zahar egunean, Abesbatza «Diostesalbe» kantari aritu zen karrikaz karrika, hainbat lagunekin batera. Kultur talde ezberdinak arduratu dira aurten ere Kabalgata antolatzeaz: Tantirumairu Ikastola eta Irain eskolako Guraso Elkarteak, txistulari eta trikitilari taldeak, Abesbatza, Musika banda eta bertze zenbait. Eguneko egitarauari dagokionez, 17:00etan erregen postariak erregeei zuzendutako eskutitzak bilduko ditu Plaza Zaharrean. 18:00etan Errege Magoek, musika banda, trikitixa eta laguntzaileekin herrian barna ibilaldia eginen dute. 19:00etan jaiotza izanen da pilotalekuan eta erregeek haurrei harrera eginen diete. Erregeek Andre Mari Zahar Etxea bisitatuko dute ibilaldia egin baino lehen.
Jaiotza eta Olentzero lehiaketa arrakastatsua
Eguberri bezpera igandearekin suertatu zenez, olentzero eta jaiotza lehiaketa jendetsuak suertatu ziren. Hainbat talde atera ziren bi lehiaketetan eta hainbat jende bildu zen ikustera. Aurten Eguberrietako pinurik ez bazen ere, plaza ttiki gelditu zen neska-mutikoen lanak ikusi eta kantuak aditzeko. Olentzero guzien artean, onenak eskuratzen duen Esparza Saria argazkikoak eskuratu zuen. Helduen mailan ere talde hau suertatu zen irabazle eta arratsaldean musika bandarekin karrikaz karrika ibiltzeko eskubidea eta ohorea izan zuen.