Kultur Etxearen afera

Utzitako argazkiak 2007ko urtarrilaren 3a

Lehenik eta behin erran, agerraldi honek Lesakako kultur etxearekin dauden arazoei erantzuten diola. Garbi utzi nahi dugu hasieratik, zambra eraikinaren inguruan sortu diren iritzi ezberdinak baina aunitz haratago kokatzen dugula egun Lesakan dagoen eztabaida. Azken aldian gure aldizkarien bidez eta egin ditugun adierazpen ezberdinen bidez, ozen salatu dugu Lesakako udalaren gestioa eta gaur, berriro, gauza berdina errepikatuko dugu: Lesakako udalak daraman kudeaketa, iluna izatetik haratago, txarra baino txarragoa izaten ari da, herriaren interesentzat behintzat. Nola ulertu daiteke bertzela, kultur etxearen proiektua egiteko gastatu diren milioi guztiak ezerezean gelditzea? Edo eta kultur etxea azken urte luze hauetako lehentasuna izanik bertzelakomakroproiektuen lanei ekitea lehenbizi? Zergatik bada, saltzen dira herrriaren ondasuna ziren lurrak, eta orain, jabego pribatuen esku daudenak erosi nahi dira? Erran bezala, hainbatetan salatu dugu, noraezan dabilela Lesakako udalaren gestioa, eta gaur inoiz baino argiago ikusi daiteke dioguna. Hartara, herritarren diruaz baliatzen dira, gauzak egin eta desegiteko. Kuartel zaharrarekin gertatutakoa adibide adierazgarria dugu, guzti hau azaltzeko balio duen adibidea hain xuxen. Garai batean, ezker abertzaletik, eraikin hori herriarentzat gorde zedin proposatu zitzaion udalari, kultur etxearen aferari irtenbidea emateko ere balio lezakeelako. Aunitzetan gertatzen den bezala, zoritxarrez guretzako eta herri guztiarentzako, ez zitzaigun jaramonik egin. Denborak arrazoia eman digu. Edonola, modu ez garbian eta arin hartzen diren erabaki guztiekin, kritikoak izan gara eta izanen gara. Orain gutxi, Zambra eraikina, Kultur Etxearen ordezko baliogarri bezala aurkeztu du udalak. Honen aurrean harridura izan da nagusi gure artean. Alde batetik, hauteskundeak hurbiltzen ari direnez, batzuk berriro ere, erabakiak arin eta modu ez garbian hartzeko tentazioa izan dezaketelako. Horregatik, guk uste dugu, gai hau pazientzia haundiz hartu beharrekoa dela eta batez ere, herritar guztiak hasiera-hasieratik informazio guztiaren jabe egon eta erabakietan parte hartu behar dutela. Uste dugu ere, Lesakako kultur eragileek protagonismo berexia izan behar dutela. Deus egiten hasi baino lehenago, Lesakako kultur eragileen beharrak kontutan hartu beharko dira. Hori kontutan izanda, erabilgarria den kultur etxe bat behar du Lesakak eta erabilgarritasun hori, Zambran zail ikusten dugu (…). Hagitz grabea litzateke herritar guzien iritzia kontuan izan gabe erabaki bat hartzea. Lasai, udalak gai honekiko hartu behar dituen erabakien irizpideak herriak berak markatuko ditu.

Herria Aitzinera
Plataforma. LESAKA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun