Denek jakin badakigunez pasaden asteburuan, abenduaren 9an, Lesakan Baztan Bidasoako gazteen lehenengo topaketak ospatu genituen. Goiz goizetik gazteen parte hartzea eta giro ona nagusitu ziren herrian eta besta giro alaian igaro zen egun osoa. Lerro hauek aprobetxatu nahiko nituzke parte zenuten guztiak agurtu eta datozen urteetarako ere lan berean jarraitzeko animatzeko.
Hala eta guztiz ere zoritxarrez dena ez zen positiboa izan eta guretzat lotsagarriak diren gertaera batzuk salatu nahi genituzke hemendik. Herri guztiak ikusi zuen hurrengo egunean herrian egon ziren txikizioak eta guk ezin dugu horren aurrean isilik egon. Igande goizean komertziotako kristalak xeheturik, kontenedoreak lurretik eta abar luze batekin egin genuen topo eta guzti hori gogor salatu dugu. Argi utzi nahi dugu, txikizio horiek ez dutela zer ikusirik gazte egunaren antolakuntzan, alde batetik jende horrek ez zuelako egunean zehar parte hartu, eta bertze aldetik, jende horren helburua eguna saboteatzeko delako, herria gure aurka jartzeko asmoarekin. Guk argi utzi nahi dugu, herriari eta komertzioetako jabeei, ez dugula zerikusirik gertaera horiekin, eta gure eskutik ihes egiten duen gauza bat dela. Herri guztiak badaki txikizio horiek nork egiten dituen eta ze helbururekin, ez da lehenengo aldia gertatzen dena eta zoritxarrez pentsatzen dugu ez dela azkeneko aldia izanen, denon esku dago konpontzea eta lortzea espero dugu. Txikizioak burutu dituztenei erran nahi diegu, badakigula nor diren (beti berdinak direlako) baina ez dutela lortuko besta giroa saboteatzea eta guk gure lanarekin jarraitzea.
Denontzako jakina da Gazte Asanbladak zer nolako besta eredua predikatzen duen eta nahi duen herriarentzako. Jai herrikoi batzuk nahi ditugu, gazteon parte hartzea bilatzen duena, sistemak inposatzen duen gazte pasibo eta kontsumista baten aurrean gazte aktibo batzuk sortzeko helburuarekin. Halaber herrikideekiko errespetua dugu eta denok errespetatuak diren jaiak nahi ditugu. Ez dugu inor bazterturik sentitzea nahi, ez emakumea izateagatik, ezta kanpotarra izateagatik ere. Eta horren harira ez dugu onartzen bere bizia aurrera ateratzeko asmotan dagoen langile baten aurkako erasorik.
Gure iritzia argi geratu delakoan agurtzen gara, argi utziz ez dugula zer ikusirik gertaerekin eta ez dugula nahi berriz horrelakorik gertatzerik. Baita ere erran nahi dugu gure esku dagoen guztia eginen dugula horrelako gertaerak berriz ez errepikatzeko.
Lesakako Gazte Asanblada