Oihan Canabalek irabazi du Bai Euskarariren zozketako lehen saria

ttipi-ttapa 2006ko abe. 22a, 16:06

Aurtengo kanpainan Bortzirietako eragileek 15.000 txartel banatu dituzte

Ortzegun eguerdian, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Bai Euskarariren kanpainako zozketa egin zuen Arantzako Udalan. Azken egun hauetan 15.000 txartel prestatu zituen, Bortzirietan Bai Euskarari ziurtagiria duten eragileek beraien bezero, ikasle edota bazkideei banatzeko.

Lehenbiziko saria Ezpeletako Euzkadi Hotelean bi laguntzako asteburu bateko egonaldia, Atxaspi Hotelak eskaini zuen. Zenbaki saritua 02.128 suertatu zen, eta Bortziriak Pilota Eskolak banatu zuen bere bazkideen artean. Dagoeneko ezaguna da sari honen irabazlea, Igantziko Oihan Canabal pilotari gaztea. Bigarren saria Igantziko La Villa Ostatuak eman zuen, hain zuzen ere bertan bi lagunentzako otordua. Saridunaren izena ez da oraindik ezaguna, baina 11.967 zenbakiak irabazi du Berako Euskadiko Kutxan eskuratutako txartelari esker. Hirugarren saria, Berako Kirolak Zelak eskaini zuen, hori da bertan erosketak egiteko 60 euroko saria. Txartel sariduna Botxo Ostatuan banatu zen eta 02.689 zenbakia darama.

Bigarren eta hirugarren loteen irabazleek hilabete bateko epea izanen dute haien sariak eskatzeko. Horretarako Mankomunitatera deitu beharko dute, urtarrilaren 2tik aitzinera, 948634125 telefonora edo txartela eman dioenarengana jo. Urtarrilaren 21erako ez badira sarituen zenbakiak agertu, zozketa honetan atera diren ordezko zenbakiei emanen zaie aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun