Eguberriak iritsi dira eta ohiko ekitaldiak antolatu dira. Horrela, abenduaren 24ean Olentzero Eguna ospatuko da eta 15:30etik aurrera ikastetxetako haurrak karrikaz karrika ibiliko dira kantari. Ondoren, 17:00etan, Hator Hator eta Olentzero abesteko, Berako Plazan elkartuko dira denak. Eguraldi txarra bada Eztegara Pilotalekuan kantatuko dute. Helduak ere, Gure Txokoan elkartuko dira, plazan abestuko dute eta ondoren herriko karrikatan barna ibiliko dira. Urte zahar egunean ere izanen da ekitaldirik. Arratsaldeko 15:00etatik aurrera, haurrek Glin-Glan abestuz goxokiak eta dirua bilduko dute arratsaldean eta helduak 18:00etan hasiko dira Diostesalbea kantatzen. Urtarrilaren 5ean Erregeak etorriko dira Berara. Berrikuntza bezala, Larun Haitzpe Merkatarien Elkarteak antolatutako ekitaldiak aipatzekoak dira. Alde batetik, abenduaren 26tik 30era bitartean Eguberrietako Parkea zabalduko dute Altzateko frontoian. Egunero 11:30etik 13:30era eta 15:00etatik 19:00etara puzgarriak, haurrentzako tailerrak eta bertze hainbat gauza izanen dira. Sarrerak eguneko 3 euro kostako dira eta bortz egunetarako erosiz gero, 10 euro ordaindu beharko dira. Bertzetik, haurrentzako zinema antolatu dute abenduaren 27rako. «Kiriku eta basapiztiak» filma emanen dute Kultur Etxean 18:00etan. Sarrerak 2 euroren truke eskuratu daitezke eta Eguberrietako Parkeko pasearekin doan ikusteko aukera izanen dute haurrek.