Urtero bezala Eguberri bezperan, Olentzero eta Jaiotza Lehiaketa eginen dute Lesakarrek herriko Plaza Zaharrean. Eguerdiko 12:00etatik hasita, aitzineko egunetan prestatu duten Olentzeroa edo Jaiotza ekarriko dute txapelketako epaileengana. Horrez gain bi kantu abestu beharko dituzte jendaurrean, bata, “Olentzero Buru Haundia” eta bertzea taldeak aukeratutakoa. Koadrila bakoitzak guttienez 6 lagunez osatuta izan beharko du, denak baserritarrez jauntziak. Parte hartu ahal izateko lan guziak 11:30erako plazan egon beharko dute Jaiotza lehiaketa 12:00tan hasi ahal izateko eta ondotik Olentzeroarena egin ahal izateko. Epaimahaiak hiru ezaugarri nagusi hartuko ditu kontuan, batetik Olentzeroa edo Jaiotza, bertzetik janzkera eta azkenik kantuak, azken horien abesterakoan Olentzeroa bizkar gainean eduki beharko dute. Jaiotza lehiaketan maila bakarra izanen bada ere, Olentzero lehiaketan, hiru egonen dira, 10 urte artekoak, 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urte baino zaharragoak. Adinaren arabera sariak ere ezberdinak izanen dira. Jaiotzatan lehenak 60 euro irabaziko ditu, Olentzeroren mailan ttikienean 50 euro, ertainen mailan 60 eta helduen mailan 200 euro.