Leire Telletxeak Gipuzkoako XXVII. Akordeoi lehiaketa irabazi du

ttipi-ttapa 2006ko abenduaren 18a

Lehiaketa hau estatu mailako garrantzitsuenetariko bat da

Arrasaten abenduaren 6tik 9ra bitartean ospatutako "Gipuzkoako XXVII. Akordeoi Lehiaketan" lehenengo saria eskuratu du Senior mailan Leire Telletxeak. Lehiaketa hau estatu mailan egiten den garrantzitsuenetarikoa da eta bertan munduko akordeoilari onenek osatzen dute epaimahaia, hala nola Matti Rantanen Finlandiatik, Jaques Mornet Frantziatik, Stefan Hussong Alemaniatik e.a. Senior maila 18 urtetik aurrerako partehartzaileek osatzen dute eta bi fasetan dago banatuta proba. Lehenengo faseak 20 minutu inguru iraun behar ditu eta derrigorrezko obra bat eta akordeoiarentzako orijinala den obra libre batez osatua dago. Fase hau pasa ezkero 2.fasea jo behar da, 30 minutu inguru irauten dituena eta baldintza bakarra obretako bat J.S. Bach-en "Preludio y Fuga" bat jotzea da.

Leire Telletxea 20 urteko beratarrak Berako Muiska Eskolan hasi zituen musika ikasketak Lourdes Iza irakaslearekin. Gaur egun musika ikasketak Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian (Musikene) burutzen ditu, akordeoi klaseak Iñaki Alberdik ematen dizkiolarik. Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan lortutako garaipenaz gain azpimarratzekoa da 2005. urtean Lleidako "Sant Anastasi" Lehiaketa Instrumentalean senior mailan lortutako lehen saria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun