Ligatzen ikasteko hitzaldia Lesakan eta Beran

ttipi-ttapa 2006ko abe. 13a, 16:58

Lur Korta emanen duen hitzaldian ligatzeko teknikak izanen ditu aipagai

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak Ligatzearen Zientzia solasaldia antolatu du heldu den abenduaren 14 eta 15ean Urtxintxa eskolaren eskutik. Ortzegunean, Lesakako liburutegian izanen da 19:30ean, eta ortziralean, Berako Kultur Etxean ordutegi berean.

Ligatzea artea da batzuen ustez, musika, antzezpena, literatura eta hainbat diziplina ukitzen dituen zientzia. Baina batez ere ligatzea komunikatzea da, eta komunikaziorako ezin bertzekoa da hizkuntza.

Lur Korta Oiartzuarrak eskainiko duen hitzaldi antzeztuak gauza ezberdinak jorratzen ditu. Hizlaria telefonoz hitz egiten sartzen da aretora eta segituan adierazten du ematen ari den hitzaldiaz aspertuta dagoela, txapa bat dela. Orduan bere esperientziak azaltzen hasten da, gazte denboran hiru bikote izan zituela bertzeak bertze. Ligatzeko teknika arrakastatsuenez mintzatuko da baina baita hitz goxoez, musuez eta sexuaz ere. Esperientziaz mintzatuko da baina beti ere ikuslegoari aztertuz eta galdetuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun