Joan den igandean Barañaingo auditorioan ospatutako Nafarroako emakume eta gizon ederrenen txapelketan, Mikel Zelaieta, 25 urteko Beratarra izendatu zuten Mister Nafarroa 2006. Finalean 16 emakume eta 16 gizon lehiatu ziren eta Mikel ez zen eskualdeko ordezkari bakarra izan berekin egon baitzen Iker Tainta Lesakarra. Azken hau mister sinpatia izendatu zuten. Hala ere sari nagusia Mikelentzat izan zen. Honi esker apirilean ospatuko den Mister Espainiako txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen. Igandeko finalak 3 ordu inguru iraun zuen. Musika emanaldiak tartekatuz joan zirela, parte hartzaileek hiru desfile egin behar izan zituzten, lehena jantzi arruntetan, bigarrena bainadoretan eta hirugarrena trajez jantzita. Guztira txapelketan 70 lagunek parte hartu zuten baina ospatutako lau kanporaketatik 32 sailkatu ziren finalerako. Miss Nafarroa Peraltako Mercedes Irisarri izan zen.