Literaturaren bitartez Bera bisitatzeko aukera

ttipi-ttapa 2006ko abenduaren 13a

Barojatarren idazlanak tarte zabala izanen dute irakurketetan

Udan egin zuten bezala heldu den larunbatean, abenduak 16, Berako Kultur Batzordeak ibilbide literarioa proposatuko du herriko karriketan barna. Arratsaldeko 17:00etan Herriko Etxeko plazatik aterako dira Itzearaino joateko Foruen plaza, Legia karrika, Katton berriko garbitokia, Eztegara pasa-lekua, Altzateko plaza eta Ilekuetatik pasatuz. Geldialdi guzietan, dauden tokiarekin zerikusia duen testu bat irakurriko zaie. Barojatarren idazlan bat baino gehiago aipatuko da baina tartean famatuak diren bertze idazle batzuen testuak entzuten ahalko dira, hala nola Bernardo Atxagarenak, Juan Cruz Eiherrabiderenak eta Edu Zelaietarenak bertzeak bertze.

Agirre Lamixene bat antzerki taldeko kideek zuzenduko dute. Bisita eta literatura uztartzen dituen ekimen horrekin Berako historia eta ondarea ezagutarazi nahi dituzte antolatzaileek. Ekimena ordu eta laurden inguru iraunen du eta edonork parte hartu ahal dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun