Gure eskualdeko N-121-A errepideko obra batzuk hasteko tramiteak aitzinera segitzen dute. Asteleheneko batzarrean proiektu berriaren lanen kontratazioa onartu zuen Nafarroako Gobernuak 55 milioi eurorentzat. Lanak hiru zatitan banatu dituzte. Lehenak Sunbillatik Etxalarera, 4,2km luze ditu eta hunen moldatzeko aurrekontua 22,5 milioi eurokoa da. Tartean 400mko tunela zulatuko dute eta aurreikusi denez 2009an inauguratuko da. Bigarren zatian, Etxalar eta Bera artean diren 3,7kmetan ere bertze tunel bat eginen dute, 305mkoa. Gaur egungo errepidetik guztiz ezberdina izanen den ibilbidea 21,5 milioi euro kostako da aurrekontuen arabera. Hau ere 2009. urteko hasierako bukatzea espero dute. Hirugarren zatiari dagokionez, Bera eta Endarlatsa artekoa, ez dute aipatu, baina Nafarroa eta Gipuzkoa arteko zubirako 11 milioi euroko abonua onartu dute, azpiegiturak kostako den erdia. Bertze erdia Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku egonen da bi alderdiek 2004ko maiatzean sinatutako hitzarmenean adostu bezala.