Larunbatean “Igantziarrak atzerrian” erakusketa zabaldu zuten

ttipi-ttapa 2006ko abenduaren 11

Dani Tabernak irabazi zuen tortilla txapelketa

Joan den abenduaren 7, 8 eta 9an Kultur Egunak ospatu ziren Igantzin. Ortzegun arratsaldean “Argitxo eta Dir-dir” antzezlana eskaini zuen Kukubiltxok Baratzondon. Horren ondotik, “Nolako Igantzi nahi dugu?”, hirigintza ereduari buruzko mahaingurua egin zuten Bil Toki elkarteko egoitzan.

Ortziralea, Kultur Egunetako egun nagusia izan zen. Goizeko 11:00etan, “Igantziarrak Atzerrian”erakusketa ideki zuten zahar etxean. Bertan bildu zituzten atzerrian ibilitako hainbat igantziarrek utzitako argazki eta tresnak. Kontinenteko sailkatu ziren Ameriketatik hasiz eta Ozeanian bukatuz. Munduko toki horietan bildutako ehundaka argazki ikusgai ziren, eta bestalde handik ekarritako hainbat oroigarri, bertako jantziak, eskulturak eta tresnak bertzeak bertze.

Denbora berean, Bil Tokin patata-tortila txapelketako epaileek, aurkeztu ziren 13 platerak dastatzen hasi ziren. Aurtengo epaimahaia osatu zuten Blanka Matxikotek, Pedro Aldabek, Kontxita Vicentek eta Karmen Hitak. Parte hartzaileak, aipatu bezala 13 izan ziren. Janire Loinaz, Maria Yanci, Unai Canabal, Ane Sirera eta Irati Arbelaitzek osatutako taldeak bi tortilla aukeztu zituzten eta ondorengo hauek tortilla bana, Olaia Matxikote eta Naroa Loinaz, Ainhoa Antxordoki, Dani Taberna, Rafa Zamorano, Begoña Martinez, Justa Sein, Josetxo Arburua, Maiana eta Itziar, Mari Sol Doronsoro, Amaia Sein eta Stefane Renaud. Ordu erdi batez jastatzen aritu ondotik lau epaileek haien erabakia jakinarazi zuten. Hirugarrena Amaia Sein izan zen, bigarrena Stefane Renaud eta txapela berriz Dani Taberna gaztearentzat. Txapelketan epaileek itxura eta gustua hartu zituzten kontuan. Arratsaldean txapelketan parte hartu zuten tortillekin berendua egin zuten eta ondotik bertso poteoan ibili ziren herriko ostatuetan barna.

Larunbat arratsaldean haurrentzako joko tradizionalak egon ziren frontoian. Hasi zituzten bezala, Kultur egunak antzerki emanaldiarekin bukatu zituzten Barantzondon Txirene taldeak emandako “Ogiyik karri etzun semia” antzezlanarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun