Igantziko Kultur Egunak abenduaren 7tik 9ra eginen dira

ttipi-ttapa 2006ko abenduaren 5a

“Igantziarrak atzerrian” gaiarekin erakusketa eginen da ortziralean Baratzondon

Igantziko Euskara Batzordeak urtero antolatzen dituen Kultur Egunak abenduaren 7tik 9ra, ortzegunetik larunbatera eginen dira aurten. Beti bezala, egitarau zabala prestatu da.

Abenduaren 7an, ortzegunean, Baratzondon «Argitxo eta Dir-Dir» antzezlana eskainiko du Kukubiltxok 18:00etan, Udazkeneko Birako ekitaldien barrenean. Segidan, 19:00etan, Biltokin, «Nolako Igantzi nahi dugu?» gaiari buruzko mahaingurua izanen da. Hirigintza ereduari buruzko mahaingurua izanen da eta, bertzeak bertze, Patxiku Irisarrik, Jakoba Errekondok, Juan Mari Alemanek eta Xan Harriaguek parte hartuko dute.

Abenduaren 8an, ortziralean, «Igantziarrak atzerrian» gaiarekin erakusketa eginen da Baratzondon, 11:00etatik aitzinera. Bertan, argazkiak zein tresnak erakutsiko dira. 11:30ean patata-tortila lehiaketa eginen da. Arraultze-opilak etxetik eginak eramanen dira Biltokira. 19:30ean Biltokin berendua eginen da, lehiaketako tortilak dastatu ahal izateko. Horrekin batera ostatuz ostatu hasiko da bertso-poteoa, Bortzirietako Bertso Eskolako bertsolariekin eta Igantziko bertso eskolakoekin.

Abenduaren 9an, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan eta frontoian, haurrentzako joku tradizionalak izanen dira. Jokuak zikloka banatuta eginen dituzte. Handienek gymkana izanen dute. Bukaeran, denentzako berendua izanen da. 20:30ean helduentzako antzerki emanaldia izanen da Baratzondon. Txirene taldearen «Ogiyik karri etzun semia» eskainiko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun