Azaroaren 25ean emakumeek jasaten duten bortizkeriaren kontrako eguna egin zen mundu osoan. Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak hainbat ekimen eta hitzaldi antolatu zituen. Bortzirietako Mankomunitateak bortizkeria mota horren aurkako mozioa onartu berri du eta udaletxe guzietan pankartak jarri ziren.
Bortzirietako Mankomunitateak onartutako mozioak, emakumeen aurkako bortizkeria, munduko leku guzietan bezala, Bortzirietan ere badela azpimarratzen du eta horren aitzinean lehenbailehen neurriak hartu behar direla: lehenik, emakumeen aurkako bortizkeriaren larritasunaz gizartea kontzientziatu eta salatua izan dadila lortu; emakumeen aurkako bortizkeria desagerrarazteko neurriak hartu; bortizkeriaren biktimak diren pertsonen babesteko azpiegiturak planeatu; eta, azkenik, esparru publikoan zein pribatuan, sexistak ez diren ekintzak bultzatu, norberaren begirunean eta duintasunean oinarrituz. Helburuok lortzeko denon elkarlana behar dela azpimarratu zuten.