Aitziber Almandoz eta Aintzane Pikabea Nafarroako kantu txapelketako finalean

Nerea ALTZURI 2006ko abenduaren 5a

Aitziber Almandoz, Aintzane Pikabea, Leire Amoros eta Jon Koldo Arburua, Lekunberriko finalerako bidean. Utzitako argazkiak

Azaroaren 11n Elizondoko kanporaketan Lekunberrirako txartela lortu zuten

Betidanik kantuzaleak eta kantari onak izan dira Aintzane Pikabea eta Aitziber Almandoz. Ttiki-ttikitik kantatzen arituak, duela urte batzuetako haur kantu txapelketetan parte hartuak dira. Bakarka nahiz taldeka eskolatik aurkezten ziren gaztexeagoak zirenean. Aurtengo ediziora bikote gisara aurkeztea erabaki zuten. Bieri aspalditik aunitz gustatzen zaien kantuarekin: Anje Duhalderen «Gogoaren baitan» kantuarekin alegia. Ttipi-ttapa aldizkarian irakurri omen zuten txapelketa abian zela eta izen ematea erabaki zuten. Leire Amoros teklatuan eta Jon Koldo Arburua kitarrarekin laguntzaile izan du bikoteak kantua jendaurrean erakusteko. Elizondoko Lur dantzalekuan azaroaren 11n izandako bigarren eta hondar kanporaketan hamalau talde, bikote eta bakarlariekin lehiatu ondotik, azaroaren 18an Lekunberrik egin zen final nagusirako sailkatu ziren. Azken saiotik saririk ekarri ez badute ere, maila handiko txapelketa izan dela goraipatu dute antolatzaileek. Beraz, Aitziber, Aintzane, Jon Koldo eta Leirek osatutako taldeak ere lan ederra eta polita eskainiz parte hartu du. Beti erraten den moduan, parte hartzea da garrantzitsuena… Hauen kasuan, ordea, finalisten artean ere izan dira. Beraz, ez dago batere gaizki. Zorionak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun