Asier Apezetxea Iparragirre txirrindulari aranztarrak denboraldi bikaina egin du mendi bizikletan. Euskal Herriko txapeldun izan zen, Vasco-Navarro zirkuitoan ere garaile izan da eta Euskadiko Openean eta bertze hainbat probetan punta-puntan ibili da Conor-Saltokiko txirrindularia. Orain, negu sasoiari begira ziklokrosean probatzeko intentzioa du. Berako Katea-Bike dendaren laguntza izan du eta konpetiziorako bi bizikleta dotore prestatu dizkio Joxemi Irigoien nagusiak.
Mendi-bizikletaren aldean, komunikabideen aldetik segida gehiago du ziklokrosak. Lohian ere ongi moldatzen dela kontuan hartuz, probatzeko erabakia hartu du Asier Apezetxeak. Lehenbiziko proba asteburu honetan egitekoa zuen Arabako Amezaga de Zuian.
Aranztarrak aipatu digunez, bizikleta ezberdina erabiltzen da ziklokrosean, errepidearen eta mendi-bizikletaren artekoa. «Conor taldean hori lortzea ezinezkoa nuen, Conor markak ez duelakoz ziklokroseko bizikletarik eta Katea Bikeko nagusiarekin solastu nuen, lehengo urtean mendi bizikletarako ere laguntza eman zidalako. Ideia gustatu zitzaion, telebistan ziklokrosa gehiago ikusten delako eta berari ere komeni zaiolako eta aurten mendi bizikletan maila polita erakutsi dudanez, laguntza ematea erabaki du».
Emaitzen araberako helburuak
Mendi bizikletan hain maila ona eman eta gero, ziklokrosean nola moldatuko den ez daki Apezetxeak: «Nere asmoa lehenbiziko probatzea da, ea teknika eta bizikletak aldatzen ongi hartzen dudan. Orain arteko probak Unai Yusek irabazi ditu eta hor badira bertze txirrindulari batzuk nerekin ibili direnak mendi bizikletan eta lehenbiziko karreratan ikusi nahi dut horien inguruan ibiltzen ahal naizen ziklokrosean. Ez dut helburu zehatzik jarri nahi, gero desilusiorik ez hartzeko. Hasieran probatuko dut eta emaitzen arabera, helburu bat edo bertze jarriko dut».
Bizikletak ezberdinak izateaz gain, bertzelako alderik ere bada mendi bizikleta eta ziklokosaren artean. Hori bai, bietan pedalei eragitea nahitaezkoa da. «Ziklokrosean lasterketak motzagoak dira –dio Asierrek– Mendi bizikletan ordu terdi eta bi ordu arteko probak dira eta ziklokrosean ordubetekoak dira. Esplosibidade berdintsua edo igual gehiago behar da ziklokrosean. Hemen ere zirkuito bati itzuliak eman behar zaizkio, baina Euskal Herriko berezitasuna lohia da. Lasterka ibiltzeak ere garrantzia izaten ahal du eta teknika behar da, bizikletatik jausteko, bizikleta bizkar gainean hartzeko… Bertzela ez da hainbertze ezberdintasunik».
Egutegiari dagokionez, Euskal Herriko proba guziak eta Espainiako bat edo bertze egin nahi lituzte Apezetxeak, urtarril bukaera edo otsail hasiera arte. Igorreko ziklokros proba famatuan ere gustora parte hartuko luke Arantzakoak, baina Munduko txapelketako proba da eta parte hartzeko puntuak pilatu behar dira aitzinetik. «Orain arte ez dut probarik egin eta ez dakit posible izanen dudan ateratzea».