Baztan-Bidasoako Gazte Topaketa abenduaren 9an eginen da «Eskualdeko gazte antolakuntzaz jai herrikoien bidean» lemarekin. Lan horretan ari dira Bortziriak, Baztan eta Malerrekako gazteak, alde batetik eskualdeko gazteen arteko harremanak sendotu eta bertzalde, gure eskualdean gazte aisialdi eskaintzaren gabeziak salatu eta alternatiba eskaintzeko.
Eguneko egitarauari dagokionez, goizeko 10etan diana izanen da txistulari eta gaiteroekin. 10:30ean gazte gosaria izanen da. 11:00etan hitzaldia Tasio Erkiziarekin: Gazte mugimenduaren sorrera. 12:00etan txalaparta eta kirikoketa tailerra eginen da. Eguerdian, gazte bazkaria eta ondotik kantaldia izanen dute. 18:00etan 3x3 futbol partidak jokatuko dira. 20:30ean triki-bertso poteoa eginen da eta gauean kontzertua, Doneztebeko Erru gabe, Berako Himen eta Erratzuko Ufestuek taldeekin.
Antolaketa lanean ari diren Bortzirietako gazteek adierazi dutenez, «ez ditugu nahi Euskal Herria onartzen ez duten jaiak, ezta indibidualismoan oinarritzen diren jaiak, ezta emakumeak zapaltzen dituzten jaiak. Horregatik eta sistemak inposatzen diguna diskotekak eta drogak direnez, gazte alienatu eta pasibo bat lortu nahiean, guk ezetz erran nahi dugu. Posible da jai herrikoi parekide eta partehartzailea ospatzea eta posible da sistemari alternatiba eskaintzea eta horregatik ospatuko ditugu gazte topaketak».