Bortzirietako azienda onenak saritu zituzten Lesakako feria egunean

Aitor AROTZENA 2006ko azaroaren 30a

hainbat sari eskuratu zituen Begibeltzeneko Jose Antonio Igoa beratarra ageri da Aitor AROTZENA

173 azienda aurkeztu ziren azaroaren 23an Lesakan ospatutako Bortzirietako ferietan. Aspaldiko urteetan ez zen halako azienda pilarik bildu plaza inguruetan, baina aurten goizez egin zuen eguraldi bikainak abeltzainak animatu zituen, nonbait.

Azkeneko urteotako ohiturari eutsiz, gehienak zaldi abereak ziren, 141.

Guzi horien artean, Xarutako Beñat Oronozek eskuratu zuen 125 euroko lehen saria eta Nafarroako Kutxak emandako txapela. Bigarren eta hirugarren sariak, 95 eta 50 euro, Arantxeneko Javier Almandozek etxeratu zituen.

Behi aziendetan, 25 buru aurkeztu ziren plazara eta sari gehienak Berara joan ziren. Izan ere, Begibeltzeneko Jose Antonio Igoak, suizen kategorian lehendabiziko hiru sariak eraman zituen, 190, 160 eta 100 euro. Haragitako behien artean ere Begibeltzenekoak irabazi zuen lehen saria eta azienda onenari Nafarroako Kutxak emandako txapela. Bigarren saria Iriberriko Jon Muñoak eskuratu zuen, baina hirugarren saria ere Begibeltzenera joan zen.

Holandesa arrazako bi behi aurkeztu zituen Tellegiko Esteban Irazokik eta berak eraman zituen 190 eta 160 euroko bi lehendabiziko sariak.

Aharietan, azkenik, 7 abere aurkeztu ziren. 35 eta 25 euroko bi lehendabiziko sariak Etxalarrera joan ziren, Intzekobordako Josetxo Ariztegik eskuratu baitzituen. 15 euroko hirugarren saria Berako Patxi Gortarik eskuratu zituen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun