Estereotipoei buruz gogoetatzeko lehiaketa Lesakako eskoletan

Xan Harriague 2006ko azaroaren 30a

Estereotipo sexitak hausteko ekintzak bideratu eta berdintasunean oinarrituta dauden baloreak garatu nahi dituzte

Estereotipoei buruzko I. Marrazki eta Idazlan Lehiaketa antolatu du Lesakako Udaleko Ongizate batzordeak, ISOS Aukeren Berdintasunaren Zerbitzuen laguntzarekin. Lehiaketa horren bitartez, ikastetxeetatik abiatuz, estereotipo sexitak hausteko ekintzak bideratu eta berdintasunean oinarrituta dauden baloreak garatu nahi dituzte hezkuntzan.

Lehiaketa lehen hezkuntzako haurrei zuzendua da, lehen 4 mailak marrazki lehiaketan sartuko dira, eta 5. eta 6 . maila aldiz idazlan lehiaketan. Hala ere, denek handitan zer izan nahi duten adierazi beharko dute. 6 eta 10 urte artekoen lehiaketan, nahi duten teknika erabiltzen ahalko dute eta nahi izanez gero bat baino gehiago, pintura, akuarela eta collagea bertzeak bertze. Neurriari dagokionez, A3 bat baino handiagoa ez da izaten ahalko. Idazlanean ere muga gutti paratu dituzte, nahi den estiloan idazten ahalko da, eta luzetasunari ez zaio garrantzirik emanen. Lanak marrazketa-irakasleari edo tutoreari eman beharko dira abenduaren 15a baino lehen. Bi sailetan haur bakoitzak lan bat baizik ez du aurkezten ahalko.

Sariak ondoko ortziralean banatuko dira eguberrietako jaialdian. Marrazki zein idazlan lehiaketan lehen biek izanen dute saria. Lehenak 60 euro eskolako materialean eskuratuko ditu, eta bigarrenak berriz 40 euro.

Aurkezten diren lanak baloratzeko epaimahaia osatuko dute, kategoria bakoitzeko irakasleek, Lesakako Udaleko Ongizate batzordeko ordezkariak eta ISOS Aukeren Berdintasunaren Zerbitzuko teknikariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun