Orsaren lantegia Igantziko harrobiaren barrenean paratzearen aurka dagoen plataformak azken asteotan egin dituen adierazpenetan errandakoa ikusita, zenbait xehetasun egitera behartuak gaude, komunikabieetan gai honi buruz eginen ditugun azkenekoak izanen direlakoan. Urtea aitzinera joan ala, hilbeltzan geneuzkan susmoak poliki-poliki baieztatzen joan dira. Orduan, gai hau publikoki hain modu zakarrean kaleratu zutenean, kanpainaren arrazoi nagusiak ekologikoak ziruditen, kea batez ere (gogoratuko duzue, “Igantzi ke beltzik gabe”). Bada, denbora pasatzen joan den neurrian arrazoi horiek aitzaki zirela baieztatu da, ez baitira dagoeneko inon aipatzen. Pentsa, plataformak bere izena ere galdu du bidean! Talde honentzat arazoa ez da lantegia, geu gara talde honen arazoa. Bertzela ez lirateke ibiliko, dabiltzan bezala, herriko bazter guzietan gu iraintzen eta mingainak inongo kontzintziarik gabe dantzatzen. Ez dute egundaino astirik galdu gure ohore eta sinesgarritasuna hankapean ibiltzeko, euren helburuei bidea erraztu nahian. Aski garbi dago. Geu gara jomuga nagusia. Eurek jakinen dute zergatik. Gure batasunak eta zuzen jokatzen ari garenaren konbentzimenduak lagundu digute aitzinera segitzen.
Azken agerraldian dokumentu eta data aunitz aipatzen dute. Ez gara hemen hasiko denak bat-banaka aipatzen. Bertzerik gabe hauxe erranen dugu: aipatzen duten eskaera bakoitzeko dokumentazioa xintxo-xintxo entregatu zaiela baieztatzen duen errezibo bana dagoela Herriko Etxean, talde horretako kideren batek sinatua, noski. Gaur egun, Herriko Etxean dagoen dokumentazio guzia daukate eskuetan.
Urriaren 11n, bilera informatiboa egin zenean, trafikoari buruzko Nafarroako Gobernuaren idatzi bat gorde genuela aipatzen dute. Dokumentu hori egun horretan berean ailegatua zen Herriko Etxera, eta Nafarroako Gobernua eta Orsaren arteko afera baldin bazen ere, Herriko Etxearekin deus ikustekorik ez zuena, bilerara eraman genuen eta berataz solastu egin ginen. Bertze guziekin bezalaxe, aste baten barrenean eman zitzaien dokumentu horren kopia bat ere.
Bertzeak bertze erraten digute, 10 lanpostu, 48.000 euro/urteko herriarentzat eta 20 tona asfalto dohainik hilabetero ematea ez dela haintzat hartzeko moduko eskaintza. Eta erraten dute eskaintza honen gibelean modu mixerablean gordetzen garela! Eurek eta guk lanpostuetaz ditugun iritziak hagitz ezberdinak dira nonbait! Norberaren etorkizun ekonomikoa ziurtatua izanda ere, nola solasten ahal dira hain arin 10 langileren eta euren familien etorkizunaz? Herrian langabezirik ez dagoela argudiatzen dute, baina guk ziur badakigu dozena erdi bat lagun badirela lanean hasteko prest. Gainera, zer gertatuko litzateke gaineko langileak Lesaka, Bera, Etxalar edo Arantzatik hartuko balituzte? Ez al gara gu Arcelor, Savera, Fundiciones edo Alcora lanera joaten? Ba al du gai honetan hain zorrotz jokatzeko legitimitaterik Lesakan edo Beran bere zortzi orduak sartu eta herrira goxo-goxo itzultzen denak, lesakarrei edo beratarrei ondorio guziak utzita? Konparatzekoak al dira, urrutitik baldin bada ere, Arcelorrek Lesakan duen inpaktoa eta asfalto plantarena Igantzin? Non eginen lukete lan talde honetakoek eta euren familikoek lesakarrek eta beratarrek eurek bezala jokatu izan balute? Norberak erantzun ditzala galdera hauek.
Plataforma horretako zenbait kide Herriko Etxean egonduak dira. Konturatu al dira Igantziko urteko aurrekontuan zer suposatzen duten 48.000 euroak? Badakite zer erraten ari diren?
Herriko Etxe honek ez omen dio herriari galdeketarik egin nahi izan. Zeinen ongi! Urte osoa daramagu errekurtso eta alegazioz inguratuak, urte guzia darama Herriko Etxeak gai honengatik blokeatua eta deus egin ezinik, papera gora eta papera behera, eta orain piztu zaie bonbilatxoa, enpresak baimen guziak lortu dituenean eta erreklamazioekin nahi dutena lortu ez dutenean!. Inguruko zein herritan egin behar izan da galdeketa enpresa bat paratzeko? Gu al gara horrelako erabaki bat hartzeko gai ez garen bakarrak? Eta gai honekin lotuta, arazoak hain modu zibilizatuan eta demokratikoan moldatzearen aldekoak baldin badira, zergatik ez dute gurekin INOIZ elkarrizketa bat eduki nahi izan? Noizbait paratu diegu solasteko oztoporik?
Urte hasieran agindutako konpromezu guziak bete ditugu. Lantegiak ingurugiroan izan zezakeen eragina neurtzeko aditu baten txosten independientea eginen genuela erran genuen eta Ecolan enpresari eskatu genion. Zergatik ez dituzte txosten honen ondorioak inon aipatzen?
Herriaren aitzinean bilera bat eginen genuela ere agindu genuen. Oraintxe aipatu dugun txostena egin eta teknikoak agendan tarte bat egin bezain abudo bilera deitu genuen urriaren 11rako. Bagenekien nora eta zertara gindoazen, baina hantxe eman genuen aurpegia. Ez zen bizipen xamurra izan.
Orain dela 40ren bat urte hasi zenetik etenik gabe handitzen joan da harrobia. Saia gaitezen herritar guziok behin betiko mugak finkatzen eta herriari orain arte eman ez dioten konpensazioa aldarrikatzen. Lan horretan ari gara gu aspaldian.
Azkenik, lasaitasuna eskatu nahi diegu herritarrei. Lasai egon zaitezkete, zeren ez dugu orain arte hartu eta ez dugu hartuko ere GURE OSASUNA arriskuan paratuko duen erabakirik, ez eta urrundik ere.
Gure helburua herriaren onerako lan egitea izan da beti eta berdin segituko dugu legealdia akautzen den arte.