Berako udalak Herriko Etxeko obrak hasi nahi ditu lehen bai lehen. Hori dela eta, egin beharreko moldaketa lanen lehiaketa zabaltzea erabaki zuen azaroaren 15ean egindako batzarrean. Lehen eta bigarren solairuen berritzeak 600.000 euroko gastua eraginen du. 2005-2008 Tokiko Azpiegitura Planean sartzen ez zelako, lan horien egiteko dirulaguntzarik ez zen aurreikusi, baina eztabaidatu ondotik, udalak 280.000 euro lortu zituen.
1776an altxatu zen eraikinaren kanpoko egitura ongi dago, baina barneko aldea, duela gutti berritu diren herritarren arretarako buelgoak ez ezik, nahiko egoera txarrean dago, hezetasunez betea eta tokirik gabe. Lehen solairua ez da kasik baliatzen, biltegi bezala erabiltzen da. Batzar aretoa, udal bulegoak eta bake epaitegia bigarren solairuan daude, baina zaharkituak.
Egoera horri buelta emateko heldu den hilabeteetan hainbat obra eginen dituzte. Lanak burutu ondotik, hemendik 6 hilabeteren buruan, bake epaitegia, idazkaritza, alkatetza, udal eta mankomunitateko bulegoak, artxiboa eta udal langileentzako aldagelak lehen solairuan egonen dira. Bigarrenean batzar aretoa eta taldeen bulegoak eginen dituzte, baina momentuz, egokitze lan horiek bertze aldi baterako utziko dituzte. Beranduago jarriko den igogailurako tokia ere aurreikusi dute proiektuan.
Udaletik jakinarazi dutenez, obra hauek ez dute eraginik izanen udalaren jardueran. Aurreikusi dutenez, obra horiek ordainduko dituzte Ibardingo merkatariei lur batzuk salduz.