Patxi Ciak irabazi zuen Igantziko XV. Mendi bizikleta Ibilaldia

Aitor AROTZENA 2006ko azaroaren 24a

Ultzamako Patxi Cia txapelduna, podiuma osatu zuten Asier Apezetxea aranztarra eta Aitor Urruzola lasartearrarekin. Utzitako argazkiak

Asier Apezetxea aranztarra bigarren izan zen helmugan

Irailaren 11n jokatu zen Igantziko Biltokik hamabosgarren urtez antolatutako Mendi bizikleta ibilaldia. Guztira 88 txirrindularik parte hartu zuten kategoria ezberdinetan, horietatik gehienak, 65, senior, junior eta master-40 kategoriak biltzen zituen proba nagusian. Txirrindulan ibiltzeko eguraldi bikaina izan zuten, eguzkiak ez baitzuen sobera berotzen eta euririk ez zuelakoz egin.

Proba nagusiko irabazlea, Iturrotz taldeko Patxi Cia lizasoarra izan zen (59’40”). Bigarren postua, Gure Txokoa taldean ari den Asier Apezetxea aranztarrarentzat izan zen (1h01’58”). Katmandu taldeko Aitor Urruzola lasartearrak osatu zuen podiuma (1h03’46”). Sailkapen orokorreko lehendabiziko igantziarra, hainbat urtez garaile izandako Jose Mari Goia izan zen, zazpigarren postuan (1h04’32”). Zortzigarren postua Mitxel Aginaga narbartearrarentzat izan zen. Guztira hameka igantziarrek parte hartu zuten proba nagusian eta Goiaren ondotik, Mikel Urtxegi (1h17’31”) eta Xabi Telletxea (1h28’35”) sailkatu ziren.

Master-40 kategorian, Hendaiako Jean Jacques Gauvain izan zen bizkorrena (1h21’29”), Jose Agerre igantziarraren aitzinetik (1h33’04”).

Junior mailan. Iker Arruabarrena oiartzuarra gailendu zen eta Ororbiako Iker Ezkarai eta Andoaingo Josu Arregik osatu zuten podiuma. Iñigo Almandoz igantziarra bosgarren izan zen. Bi emakumek parte hartu zuen Igantziko ibilaldian. Rosa Mari Herrero donostiarra izan zen azkarrena (32’23”) eta Urnietako Olatz Odriozola bigarren (36’32”).

Kategoria ttikietan ere hainbat partehartzaile

Kategoria ttikietan, haurren mailan, sei partehartzaile izan ziren. Izei Gillenea beratarra izan zen bizkorrena, Adur Igantzi igantziarra bigarren, hirugarren Beñat Maia etxalartarra izan zen, laugarren Arkaitz Retegi igantziarra, bosgarren Julen Dorronsoro doneztebarra, eta seigarren Julen Taberna igantziarra. Infantilen kategorian bortz txirrindulari atera ziren. Aitor Begino igantziarrak irabazi zuen, Beñat Txoperena igantziarra izan zen bigarren, Zizurko Asier Albeniz hirugarren, laugarren Asiaingo Aritz Berea eta bosgarrena Igantziko Txomin Sirera.

Kadete mailan parte hartu zuten hamar txirrindularien artean, Zizurko Josu Lizoainek, Ororbiako Aitor Ameztoiek eta Zestoako Jon Mayozek osatu zuten podiuma.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun