«25 urteotan eskolatik pasatu diren ikasle-irakasleak gonbidatzen ditugu»

Joxemanuel IRIGOIEN 2006ko azaroaren 23a

Joxerra LOPEZ Berako Ricardo Baroja eskolako zuzendaria Joxemanuel IRIGOIEN

• 25 urte bete ditu Berako Ricardo Baroja ikastetxeak. Urtemuga ospatzeko, gabonak bitarte hainbat jarduera eta erakusketa antolatu dituzte.

• Urriaren 8an izanen dute besta egun handia. Goizeko 11etan hasi eta arratsaldeko 7ak bitarte, erakusketak, haurrendako jostetak, bertsolariak, txarangak, bazkaria, kantuak, helduendako musika eta apar-besta.

• 104 ikasle dituzte aurten, guztiak euskaraz ikasten.

Urriaren 8an izanen da 25. urteurreneko ospakizun nagusia. Pentsatzekoa da jendetza bilduko dela, ezta?

Seguru baietz! 25 urteotan eskolatik pasatu diren ikasle, irakasle eta guraso guztiak gonbidatu nahi ditugu ospakizunetara. Momentu honetan 104 ikasle ditugu, 80 familia inguru, eta horiekin tratu zuzena dugunez beraiekin kontatzen dugu. Eta horietaz gain, espero dugu ikasle eta irakasle izan ditugunak ere animatzea. Herrietan kartelak eta bazkarirako txartelak jarri ditugu salgai. Beran Errekalde, Ikuilu eta eskolan bertan, Etxalarren Herriko Ostatuan, Igantzin Bi-Biden eta Arantzan Burladan.

Zer erakutsi nahi du Ricardo Baroja eskolak honelako ospakizun borobilean?

Helburuen artean dugu Eskola Publikoaren papera eta baloreak aldarrikatzea: integratzailea baita, den-denak onartzen ditugulako; euskarazko irakaskuntza bermatzen dugula gaur egun, euskara hutsezko eredua dugu hemen; eta kalitatezko irakaskuntza, irakasleen etengabeko formakuntzan ari garelako. Irakasle bakoitzak bere aldetik egiten dituen ikastaroez gain, klaustro osoak parte hartuko duen bi ikastaro ditugu aurten

Dena den, urteurren ospakizuna ez da egun bakar batera mugatzen?

Ez, hemendik gabonetara hainbat aktibitate prestatu ditugu. Nagusiena urriaren 8ko besta izanen da. Gabonak bitarte, bai eskolan eta baita Berako Kultur Etxean ere, erakusketak eginen ditugu: argazki eta bideo-erakusketa 25 urteotako irudiekin, bai eskolakoak eta baita herrikoak ere, eta gero, lehengo ikasgela bat irudikatzen duen erakusketa bat, pupitre zaharrekin-eta. Bestalde, 25. urtemugari buruzko liburuxka argitaratu dugu, argazki, elkarrizketa eta kolaborazioekin… kamiseta bat ere atera dugu. Azken batean, ospakizuna eskolatik herrira atera nahi dugu, herri osoarentzat baita interesgarria.

Pentsatzekoa da hori dena prestatzen jende anitzek parte hartuko duela?

Bai. Joan den ikasturtean deia egin genuen eta haren ondorioz irakasle eta gurasoak hurbildu ziren, eta lankidetza estua garatu da. Denetara 5 batzorde sortu dira eta lan dezente egin da. Horri esker atera da dena. Eta ezin ahaztu ikasleen partehartzea ere. Beraiekin egin dute kamisetaren logotipoa, aldizkarian parte hartu dute, argazki erakusketan ere euren txokoa izanen dute,…

Nola laburbilduko zenuke 25 urte hauek?
Aldaketa ugari gertatu dira: A ereduko eskola izatetik D eredukoa izatera pasatu da; irakasleak berdin; formakuntza sakonagoa da, baita espezializazioa ere; lehen irakasleak Don ziren, orain ez; ikasle kopurua ere, lehen “kontzentrazio eskola” zen eta orain ikasleak 3 ikastetxetan banatzen dira… eta hola beste hainbat!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun