Patxi Oteiza eta Juanjo Garrantxok irabazi dute ajoarriero txapelketa

Xan Harriague 2006ko azaroaren 23a

Aise nagusitu ziren 7 puntuko aldearekin

Asteazken arratsaldean, Bortzirietako ferien bezperan, Beti Gazte elkarteak Ajoarriero txapelketa antolatu zuen Lesakan. Aurten 9 bikote aurkeztu ziren plater hoberena egiteko asmoarekin. 18:00etan, solastatzen ziren bitartean, barazkiak eta bakailao xehatzen eta frijitzen hasi ziren. Parte hartzaileen kopurua azken urteetan bezalakoa izan zen, eta ikusle batzuk ere animatu ziren, nahiz eta eguraldi euritsua eta tristea egon. Begiratzen ari baziren ere, aholku batzuen ematera ausartzen ziren.

Ordu bat beranduago, plater guziak bukatuak zirela, eta epaimahaiak dastatu zituela, sailkapenaren berri eman zuten. Aurtengo garaileak Patxi Oteiza eta Juanjo Garrantxo izan ziren 43 punturekin. Bigarren posturako berdinketa egon zen Imanol Lopez eta Julen Zubietak, eta, Jose Luis Etxepeteleku eta German Descargak osatutako bikoteen artean. Biek 36 puntu lortu zituzten baina bigarren dastatzean epai-mahaiak bigarren postua Imanol eta Juleni eman zien. Jose Luis eta German podiumeko postu txarrenarekin konformatu behar izan zuten. Hirugarren postutik goiti sailkapena hala izan zen. Laugarren Mikel Iriarte eta Javier Zubieta 35 punturekin, bosgarren Asier Aiestaran eta Eloi Lopez 33 punturekin, seigarren Axio Arriola eta Antonio Etxebeste, hauek ere 33 punturekin, zazpigarren Pello Etxebeste eta Miguel Angel Castro 29 punturekin, zortzigarren Iban Maia eta Igor Altzugarai 29 punturekin eta bederatzigarren Laura Yanci eta Marisa Larrainzar 27 punturekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun