Lesakar talde batek manifestazioa deitu du heldu den larunbaterako

Xan Harriague 2006ko aza. 22a, 17:32

“Konponbide demokratikoa nahi dugu, Euskal Herriak autodeterminazioa” lemapean eginen da

Azken aste hauetan Lesakako Herri Plataformak gaur egun Euskal Herriak pairatzen duen egoerari buruz hausnarketa bultzatzeko hainbat ekimen burutzen ari da. Hori dela eta, herriko eragile batzuekin bildu dira idatzi baten inguruan ahal bezainbateko adostasuna lortzeko eta ondotik manifestazioa deitzeko. Iban Maia, Lesakako Herri Plataformako kideak erran digunez, harremanak izan dituzten eragileak EA alderdi politikoa, Zalain eta Arceloreko enpresa komiteak, dantza eta txistu taldeak eta bertso eskolak izan dira bertzeak bertze.

Herriko eragile hauekin solastatu ondotik, eta adostasun batera ailegatu nahian, idatzi bat plazaratu dute. Oro har lau puntu nagusi ditu, Euskal Herriak izan behar duela benetako protagonista bake prozesuan, elkarrizketa dela bide bakarra konponbide demokratiko batera ailegatzeko, hitzarmenak hartu behar direla eta bete, eta azkenik, eragileek herritarren parte hartzea bermatu behar dutela dinamikak martxan jarriz.

Idatzi hori abiapuntu bezala hartuz, manifestazioa deitu dute heldu den larunbaterako. Plaza Zaharretik aterako da arratsaldeko 17:00etan “Konponbide demokratikoa nahi dugu, Euskal Herriak autodeterminazioa” lemapean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun