www.berakoudala.net web gunea martxan da

Xan Harriague 2006ko azaroaren 22a

Udala eta herriari buruzko hainbat informazio jasotzen ahalko dira interneten bitartez

Berako Udalaren eta herriaren web gune berriaren aurkezpena egin zuten asteazken eguerdian liburutegian. Bertan, Jon Abril alkate ordeak aipatu zuen bezala, “tresna dinamikoa eta erabiltzeko errexa egin nahi izan dugu herriari buruzko informazioa zabaltzeko”.

www.berakoudala.net web gunean sartuz, azal-orrian herriari buruzko azken albistegiak ikusten ahalko dira. Horrez gain, guneak dituen, Bera, Udala, Turismoa, Albistegia eta Egutegia izeneko 5 ataletan sartzeko aukera egonen da,. Aipatutako 5 atal nagusietan lehen 3ek, azpi atal bat baino gehiago izanen dituzte. Lehenean, Berako historia, armarriak, karrikak, urteko ospakizunak, pertsonaia ezagunak, elkarteak, hezkuntza eta baliagarria izan daitezken telefono zenbakiei buruzko zehaztasunak aurkitzen ahalko dira. Bigarren atal nagusiak, Udalarekin zerikusia duten gai guziak biltzen ditu, hala nola, eskaintzen dituen zerbitzuak, tramiteak errexteko dokumentuak, ordenantzak, udaleko aktak, udal batzarraren osaketa, udal instalazioak, deialdiak eta Agenda 21ari buruzko informazioa. Turismoaren atalean, herria bertan edo inguruetan ikustekoak diren hainbat xoko eta toki batzuei buruzko informazioa aurkitzen ahalko da, bai eta jateko edo lo egiteko helbideak ere. Azken bi atalek Jonek aipatu bezala, herriko albisteen eta ekitaldien berri emanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun