Lesakako hauteskundeen balorazioa

Utzitako argazkiak 2006ko aza. 21a, 16:33

Alderdi gehienek egin duten moduan nik ere nere hausnarketa propioa egin dut pasa berri ditugun hauteskunde korapilatsu hauen inguruan. Arkatza hartu eta idaztea erabaki dut, ez bait dira nolanahikoak izan Lesakan hauteskunde hauen inguruan gertatutakoak. Hasieratik argi ikusten zen, estatu espainolak ezker abertzalea hauteskundetatik kanpo uztea zuela helburu. Bide horretan AUB eta herri plataforma gehienak utzi zituen legez kanpo, gurea (Herria Aintzinera) hoietako bat zelarik. Egoera kezkagarri eta antidemokratiko horren aurrean, alderdi politiko desberdinekin biltzea eta salaketa kanpaina bat martxan jartzea erabaki genuen. Alderdiekin izandako bileretan nahiz kalean egindako salaketetan argi utzi genuen hauteskundetan parte hartuko genuela. Estatu espainolak ilegal kartela jarri arren gure herria eraikitzen jarraitzeko konpromezua hartua dugu aspaldi, legalak edo ilegalak izan.

Ikusten den bezala egoera zail eta anti-demokratiko horretan hasi ginen lanean. Baino gure harridurarako lan hori behin eta berriro oztopatzen saiatu dira bai estatu espainola bere tresneri guztiaren bitartez, baita gure herritar batzuk ere, gezurra badirudi ere. Hauteskunde kanpainan ttipi-ttapa telebistan izan zen saio berezi batean, Onin plataformako kide batek (guri emandako hitza hautsiaz) bozka nuloek ez zutela ezertarako balio bota zuen kameren aurrean gure harridurarako. Traba bat gehiago! Ezin ahantzi ere saio berezi hortan Herria Aintzinera Plataformak zentsura jaso zuela, Onin Plataforma elkarrizketatu baitzuten, gero PNV eta akabo. Beste kolpe bat! Guzti honi buelta ematen nahiko lan genuenean eta hauteskundeak gainean zeudela, izugarrizko kriminalizazioa jasan genuen futbol zelaian egin zituzten margoketak guri leporatuz. Ongi diseinatutako estrategia espainol, zikin eta faxista horretan Beti Gazteko jokalariak eta beste lagunen bat jarri zituzten lanean mehatxupean, benetako eztabaida ekiditeko asmotan; hau da, gure herriak bizi duen zapalkuntzaz eta egoera antidemokratikoaz hitz egin beharrean, paretak txuri mantentzearen beharraz hitz egiten jarri zuten herri erdia, lotsagarria eta ulertezina!

Horrela iritsi ginen hauteskunde egunera, herriko plaza berde berde genuela. Jendeari aurreko egunetan telebistaz etabarrez sartu zioten beldurra gutxi balitz, tori! Plaza armez inguraturik. Baldintza hoietan ospatu ziren hauteskundeak eta hala ere 293 bozka jaso zituen Herria Aintzinera plataformak, izugarria! Nik pertsonalki oso balorazio positiboa egiten dut lortutako emaitzetaz, gainera seguru nago bozka hauek izango direla gure herriaren geroa ziurtatu eta Lesakan benetako aldaketa emateko balioko duten bakarrak. Gutun hau probextuz Lesakako biztanleei lan egiteko gonbitea luzatu nahiko nieke, aurten gertatutakoak berriz errepika ez daitezen, gure ongi izatea baino askoz gauza gehiago bait daude jokoan.

Iban MAIA
ORMAZABAL (Herria Aintzinerako kidea)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun