Ortzegunean ospatuko dira Bortzirietako feriak

Xan Harriague 2006ko aza. 21a, 14:56

Azienda erakusketaz gain, aizkora erakustaldia eta goi mailako pilota partiduak ikusteko aukera egonen da

Ortzegunean ospatuko dira eskualdeko udazkeneko azken feriak Lesakan. Goizean azienden eta artisauen erakusketa egonen da Plaza Zaharren eta inguruko karriketan. Azken urte hauetan bezala Bortzirietako abeltzain guziei idekita dagoen txapelketa eginen da, behietan, zaldietan eta aharietan. Animali guziek 11:30erako bertan egon beharko dute, baina goizeko 7:00ak baino lehen horien ekartzea debekatuta egonen da. Txapelketan parte hartuko duten azienda guzien jabeei diru kopuru bat ordainduko zaie, behientzat 50 euro, zaldientzat 25 eta aharientzat 15. Hala ere txapelketan parte hartu ahal izan baino lehen antolatzaileek aukeraketa eginen dute, batez ere zaldietan.

11:00etan, beti ere Plaza Zaharrean, aizkora erakustaldia eginen da eskualdeko aizkolarien artean. Etzandako enborretan Miel Mindegia eta Garikoitz Larretxea, Donato eta Oihan Larretxearen aurka lehiatuko dira. Bertzalde, Patxi Larretxea erakustaldia eskainiko du zutikako enborrean eta alturan.

Hunen ondotik, azienden txapelketako sari banaketa eginen da Herriko Etxeko atarian. Behiak 3 sailetan banatuko dituzte, Holandesak, Suitzak eta haragitakoak. Sail bakoitzean lehen saria 190 eurokoa izanen da, bigarrena 160 eurokoa eta hirugarrena 100 eurokoa. Diru sari horiez gain, hobekien aurkeztutakoari plaka bat emanen zaio. Zaldietan, sariak ttikiagoak izanen dira, hala nola lehenak 125 euro irabaziko ditu, bigarrenak 95 eta hirugarrenak 50. Behietan bezala, hobekien aurkeztutakoari ere plaka bat eskainiko zaio. Aharietan izanen dira sari ttikienak. Ahari politenaren jabeak 35 euro izanen ditu, bigarren geldituko denak 25 euro eta hirugarrenak 15 euro. Sari banaketa egin eta, aziendak plazatik atera beharko dira arratsaldeko 14:30ak baino lehen.

Bazkal ondoan, arratsaldeko 17:30ean, ohi bezala pilota partiduak egonen dira herriko pilota lekuan Asegarce enpresaren eskutik. Lehen partiduan, Agirre eta Albizuri, Diaz eta Eskuderoren aurka arituko dira, bigarrenean berriz, Olaizola I eta Begino, Saralegi eta Otxandorenaren aurka. Egunari bukaera emateko Jalisko Band taldeak dantzaldia eskainiko du Plaza Zaharrean, arratsaldeko 19:30etik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun