Jose Luis Etxegarai alkate eta parlamentari

Aitor AROTZENA 2006ko aza. 21a, 12:47

Bosgarren legealdia beteko du alkatetzan Jose Luis Etxegarai PNV-EA zerrendako alkategaiak. 1999ko udal hauteskundeetatik 249 botu galdu bazituen ere, 746 lesakarrek eman diote botua PNV-EAren zerrendari eta 624k aurten sortu den Onin udal taldeari. Herria Aitzinera taldeak ere botu aunitz jaso zituen, baina jakina denez, Espainiako Justiziak baliogabetu egin ditu botu horiek. 310 izan ziren udal hauteskundetarako botu nuloak. Gauzak honela, PNV-EAk sei zinegotzi izanen ditu eta Oninek bortz. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan ere EA-EAJ koalizioa izan zen nagusi, 668 boturekin (1999an baino 31 gehiago). Baliogabeko botuak 323 izan ziren, gehienak espreski AUBri emanak. UPNk 256 botu eskuratu zituen eta Aralar 212rekin estreinatu da. Nafarroan EA--EAJk lau parlamentari eskuratu dituenez, zerrendan hirugarren zen Jose Luis Etxegarai alkatea parlamentari ere izanen da Iruñean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun